GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Emakumearen isla kale izendegian

Berdintasunik ez kale eta plazetan

Polemika eta katramila ugari eragin ditu kale-izendegiak azken boladan, eta hori da seguru asko duen garrantziaren erakusle argiena. Hutsuneak-hutsune, gabeziarik bada, hori emakumeen presentziari dagokiona da. Berdintasunaz bolo-bolo mintzatzen garen honetan, matxistak dira kale bazterrak.

p010_f02_2944.jpg

Maider EIZMENDI

Idoia ERASO

Hau halako plazan dago», «ni halako kaleetan bizi naiz»... Erreferentzia gisa erabiltzen diren neurrian, ukaezina da kale izenen garrantzia. Nolabait, «garrantzitsutzat jotzen ditugunen» isla dira. Hortik, seguru asko, aspaldian kale eta plaza izenen harira sortutako polemikak, batzuentzat garrantzitsu dena, ez baita halabeharrez beste batzuentzat.

Azken urteetan emakume taldeek lan handia egin dute herri eta hirietako kale izenak aztertzen eta guztiek nabarmendu dute emakumeek duten isla eskasa kale izendegian. Aurrerapausoak izan dira, eztabaida bederen azaleratu delako, baina saialdiak saialdi, oraindik eraikitzen ari diren auzo berrietan gizonezkoen izenak nagusitzen dira. Horixe egiaztatu du GARAk, Euskal Herriko hiriburuetako auzo berrietan.

Bilbon eraiki den azken auzoetakoa da Miribilla. Bertako zonalderik garrantzitsuena Gernika Lorategiaren inguruan kokatzen da eta inguruko kaleen izenak aztertuz, Doctor Alfredo Espinosa Uribe, Andres Eliseo de Mañarikua, Julian Zugazagoitia, Santiago de Compostela, Askatasuna, Luis Castresana, Mina San Luis, Vitoria-Gasteiz, Donostia-San Sebastian, Saralegi, Claudio Gallastegi, Juan Carlos de Gortazar eta Angel Ortiz de Alfau kale eta plazekin egin dugu topo.

Iruñean Sanduzelai eta Berriozarren artean kokatutako Buztintxuri auzoa da berrienetarikoa. Bertan izen hauek topa daitezke: Ferrocarril kalea, Martinez de Ubagorena, Victor Eusa kalea, Santos Ochandategui, Ventura Rodriguez, Santa Luzia plaza eta Santa Luzia kalea.

Arabako hiriburuan Salburua eta Zabalgana dira auzo berrienetarikoak. Horietan, hiri izenek hartu dute batez ere nagusitasuna. Hala, Salburuan, esate baterako, Budapest, Riga, Ankara, Lisboa edota Amsterdam izeneko kaleak aurki daitezke. Beste hainbeste Zabalganan. Tartean badira, ordea, pertsona izenak daramatzaten kaleak: Salvador Dali, Pablo Picasso, Heraclio Alfaro...

Gipuzkoako hiriburuan Riberas de Loiola auzoa da eraiki duten azkenetakoa. Bertako kaleetan gabiltzala, besteren artean, Nemesio Etxaniz, Barcelona, Pablo Sarasate, Victor Hugo edota Otamendi anaiak izenekin egingo dugu topo kale afixetan, eta tartean bi emakume izenekin ere bai: Maria Zambrano eta Paloma Miranda.

Lapurdiko hiriburuak hiruzpalau urte daramatza nomenklaturan emakume izenak jartzearen garrantziaz jabetuta. Joan den urrian bozkatu ziren kale izenen artean dago esaterako, Marie Garay margolariarena. Baina honekin batera, beste lau kale izendatu ziren, guztiak gizonezkoen izenekin. Toponimia lanen ardura duen udalez kanpoko batzordeko kide da Aitor Arandia. Bere esanetan, emakume izenak jartzearen garrantziaz jabetzeko zenbait faktore elkartu dira: «Elkarte feministek euren errebindikazioa egin zuten eta zenbait hautetsik, Martine Bisautak kasu, erantzun egin die; Bestalde, hautes zerrendetan emakumeen eta gizonen arteko parekotasuna errespetatu behar izateak nolabait kontzientziazio hau indartu egin du». Bide honetan, ordea, Arandiak nabarmendu duenez, oraindik egiteko asko dago: «Gizon izenak jartzen ditugu, emakume ezagun gutxi daudelako».

Horretan jartzen dute indarra Mertxe Trantxe irundarrak eta Jose Monje udal artxibozainak: «Emakume gehiago ez izatearen arrazoia da ez dela egon historikoki garrantzia izan duenik, emakumea berriz bigarren maila batean egon da», azaldu du Monjek.

Trantxek Hernanin, Arrasaten eta Irunen Jabetze ikastaroak ematen ditu eta ikasleekin egindako lanen artean izendegien azterketa egin zuen: «Emaitza ikusgarriak dira. Hernanin eta Arrasaten ez dago emakume izen bakar bat kale izendegian; Irunen ama birjinak eta santuak kenduta bi daude: Prudencia Arbide eta Maria Juncal Labandibar, oinordekotza izugarria jaso zuen emakumea bata eta poeta bestea».

Teresa del Valle antropologoaren iritziz, historian emakumeen lana jasotzen izan den hutsuneak ez du egun halako garrantzirik, bere ustean, ezin baita horretan arrazoitu kaleei emakume izenik ez jartzea: «Horiek 80ko hamarkadan erabiltzen genituen argudioak dira, gaur egun historia berrian emakumeen lana barneratuta dago», azaldu du. «Badira emakume asko irakaskuntza munduan berea eman dutenak edota osasun arloan, elkarteetan gizarteari berea eman diotenak... Bada jada eremu oso zabal bat munduan oso presente dagoena...». Kontua da, bere iritzian, beste eremu batzuetan arautu den berdintasuna ez dela oraindik ere kale izendegian txertatu.

Kale izenak jartzeko erabiltzen diren irizpideetan jarri dute arreta Del Vallek eta Trantxek. Irundarraren iritziz, kale izenak emateko jarri diren irizpideak indarrean egon den gizarte ereduaren ondorio dira. «Mundua ikusteko dugun moduaren ondorio dira; guk zeintzuk goraipatzen ditugu? Gerlariak, jarduera heroikoak izan dituztenak... Emakumeak historikoki ez dira alor horietan aritu, kontua irizpide horiek aldatzea da beraz». Irunen dauden monumentuetan ere jarri du arreta Trantxek: «Lau daude; bi gizonei dedikatuak, Pio Barojari eta Luis Marianori eta beste bi, emakumeei, bat itsaslamiei eta bestea kantinerei; lehenek izen abizenak dituzte eta bigarrenek, berriz, gorputzean eta edertasunean jartzen dute arreta».

Hirurek kale izendegia berrikusi behar dela ohartarazi dute; izan ere, guztiek egiten dute bat duen garrantzian. Del Valle esaterako, kale izendegien harira, memoriaren garrantziaz mintzatu da. «Azken batean, memoria da gizarte batek garrantzitsu jotzen duena eta datozen belaunaldiei transmititu nahi diena. Kale-izenak, monumentuak eta artearen errepresentazioak hiri batean oso garrantzitsuak dira memoria sortzen dutelako eta adierazten dutelako gizarte batek garrantzitsu jotzen dituenak».

Zeintzuk dira, ordea, memoria eraikitzen dutenak? «Memoria ez da ente abstraktu batetik sortzen, baizik eta pertsonak eta kolektiboak gara hori eraikitzen dugunak; hori bai, administrazioak, botere publikoak, politikoak eta elizarenak dira, gero aukeraketa egiten dutenak, memoria ofiziala eraikiz». Memoria soziala eta memoria ofiziala bereiztu behar dira, beraz: «Kale izendegiek bat egiten du memoria ofizialarekin, baina ez beti memoria sozialarekin; memoria soziala askoz aurreratuago dago memoria ofiziala baino».

Eremu sinbolikoak duen garrantziari helduta, Trantxeren ustez, jendeak duen adinako garrantzirik ez diola eman ohartarazi du: «Horregatik, jende askok ez du ulertzen Alardearen harira sortu den polemika eta zergatik borrokatzen garen hainbeste egun bakarreko kontua bada... Guretzat sinbolikoki garrantzia handia du, ikusi egiten gaituztelako...».

Irunen proposamen zehatzak egiten ari dira, horretan dihardute herriko emakume talde eta eragileek. Hirian zeresana izan duten emakumeak bai, baina lanbide izenak proposatzeko asmoa ere badela azaldu du Trantxek: «Garrantzi handia izan dute esaterako, pospologileek eta baita gainerako herrietan bezala etxekoandreek eta emaginek. Zergatik ez horiei eskainitako kaleak?».

Haratago doa gainera Trantxe: «Kale izenok jarriz gero, euren historia azaleratu eta ezagutaraziko dugu, izan duten pisuaren aitortza egingo dugu».

Berriobeitiko kale-izendegia Eredugarri

Berriobeitin adibide bitxia nahiz berezia topatu dugu auzo batean. Bertan, emakume izenak baino aurkitzen ez ditugun kale-gurutzeak daude. Hala, Nafarroako Margarita, Maria Dominguez, Maria Moliner, Akitaniako Leonor, Clara Campoamor, Maria Curie edota Rigoberta Menchu omenduta daude.

Ez dute herriarekin harreman zuzenik gehienek, baina Historian itzal handia duten emakumeak dira guztiak. Mertxe Trantxe irizpideak aldatzeaz mintzatzen denean zera dio: «Egun herriarekin harremana izatea eskatzen zaio pertsona bati kale izena emateko, batez ere kale asko ez direnean. Akaso hori aldatu egin beharko da. Adibidez, Clara Campoamorrek irundar emakumeentzat ere lortu zuen botoa, zergatik ez eskaini emakume honi kale bat?». M.E.

Izenik ez zuenari izena ematen

Ipar Euskal Herriko makina bat herritan oraindik ere kale askok ez dute izenik eta bertako etxeen eta auzoen izenak baliatzen dira izendatzeko. Nafarroa Beherean eta Zuberoan, herri garrantzitsuenetan izan ezik, Donibane Garazi, Maule edota Donapauleu kasu, kaleak eta bideak ez daude ofizialki izendatuta. Lapurdin lan horretan ari dira orain. «Kaleei izenak jarri beharrean aurkitu gara, suhiltzaileek eta postariak behin eta berriz eskatu digutelako», azaldu du Urruñako Michel Bercetche zinegotziak, gainerakoan kokapen arazoak izaten zituzten-eta.

Izendapen lan horretan, toponimia da inspirazio nagusi. Etxe zaharren izenak nahiz txabolenak baliatzen dira, Urrunako Anziola eta Senpereko Martienean kasu. Kaleen nolakotasuna edota kokapena ere baliatzen da, Donibane Lohizuneko Zuloa edota Urruñako Lepo Bidean dira adibide. Pertsona izenak batez ere herri handiagoetako edota hirigunetako kaleak izendatzeko erabiltzen dira. Idoia ERASO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo