GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Luis Bandres EHUko irakaslea

Sebastian Iradier

Kubako ohiko eta jatorrizko kontra- dantzatik alde eginda, beste abesti eta dantza mota berria sortu zuen, habanera, alegia. Haien artean esandakoa, mundu mailan guztiz ezaguna den «La Paloma» izenekoa, alegia

Aurten Musikastek, maiatzaren hirugarren astean, Euskadiko bi musikari omenduko ditu: bata oraingoa, Mikel Laboa, eta bestea orain dela berrehun urte jaiotakoa, Sebastian Iradier. Biak goi mailakoak, bakoitza bere arloan. Mikel Laboa alde batera utzita, oso bertan eta ezaguna daukagulako, ospe handia merezi duen musikaria, mundu mailan ezaguna eta, beharbada, zabalduen soinua denez gero, bere gogorapena ekarriko dut: Iradier eta Salaberriko Sebastian, alegia.

Arabar hau Lantziegon jaio zen, orain dela berrehun urte (1809ko urtarrilaren 20an, San Sebastian gure patroiaren egunean, alegia), esan dugun moduan. Bederatzi urterekin eta tiple moduan, Gasteizen zegoen Santa Maria izeneko Kolegiatan. Eta solfeoa eta organoa ikasi ondoren, San Migeleko organista izendatu zuten; hortik bi urtera Aguraingo San Juan Bataialariaren elizako organista izateko. Herri honetan, dirudienez, bere itxura dotorea eta harremanetarako erraztasuna zirela-eta emakumeekin oso erraz konpontzen zen. Hori dela eta, esaten denez, bertatik alde egin behar izan zuen senar engainatu baten amorruaren aurretik.

Orduan, eta bere musika maila hobetzeko (aitzakia, agian), Madrilera konposaketa sakontzeko ikasketak egitera joateko baimena eskatu zuen, bai eta lortu ere.

Han, musikari moduan izugarrizko arrakasta lortu zuen eta aristokrazia mailako bileretan parte hartzen zuen, bai eta artista eta intelektualen elkarteetan. 1850ean Parisera joan zen eta han ere, lehen bezala, antzerako giroan, galga altukoan, hain zuzen, sartuko da: bera giro horretan oso ezaguna zen eta bere abestiak goi mailako zirkuluetan abesten eta jotzen zituzten. Lau urte geroago Alboni soprano ospetsuak Ameriketara laguntzeko eskatu zion, bai eta berak onartu ere. Bere bidaia New Yorketik hasi eta hainbat lekutatik iragan ondoren, Habanara heldu zen.

Kuban Iradierrek erritmo geldoko dantza eta kantu bat aurkitu zuen; berrikusi ondoren, beste itxura bat eman omen zion, habanera erritmoa zelakoan asmatuta edo. Horrekin, Kubako ohiko eta jatorrizko kontra-dantzatik alde eginda, beste abesti eta dantza mota berria sortu zuen, habanera, alegia. Haien artean esandakoa, mundu mailan guztiz ezaguna den «La Paloma» izenekoa, alegia.

Kuban egonaldi hura izan ondoren, berriro ere Europara etorri zen eta Londrestik eta Parisetik pasatu eta gero, Gasteizera itzuli zen. 1865ko abenduaren 6an zendu zen bertan, Arkupeetako jaun baten etxean, bere lanaren garrantziaz ohartu gabe.

Orain asko ez dela Habanan izandako lagun-taldeko batek kontatu digun moduan, goi mailako ostatu batean afari bat izan ondoren eta kafea hartzen ari ziren bitartean, musika talde bat agertu zitzaien munduko abesti ezagunenarekin, «La Paloma»rekin, alegia. Orduan, oilo-ipurdiarekin bat musikariei inguratu zitzaien eta galdetu zien: «Ba al dakizue abesti hau norena den?». «Nola ez, adiskide, Kubako konpositore handienarena, Iradierrena, alegia», izan zen erantzuna. Orduan hemengoak esan zien: «Ba, ez, adiskide maiteok, Sebastian Iradierrena bada, baina ez zen kubatarra, euskalduna baino». Taldean zegoen emakume mulata kantariak erantzun zuen: «Baina zer esaten duzu, mi amó, nola izan daiteke euskalduna munduko habanera ezagunenaren egilea?». Hala ere, hala da, orain 150 urte berak konposatu zuen melodia hori.

Abesti hori munduan ezagutzen den eta zabalduen dagoen melodia da, eta goi mailako abeslari gehienek kantatu dute, Maria Callasengandik hasi eta Bing Crosbyrekin bukatuta. Hain dago zabalduta, non Zanzibarren ezteietan jotzen duten ezkon-martxa moduan, eta Mexikon eta, zer esanik ez Kuban, bertakotzat izaten dute, esaterako.

Baina Iradierren eragina ez da hor bukatzen. Esaterako, Bizetek, bere «Carmen» izeneko operan, «Avanera» izeneko abesti bat sartu zuen, «El Arreglito» Iradierren soinua baino ez dena. Badago Iradierren beste habanera musika klasikoan ezaguna, Lalo konpositore frantsesarena, «Neguita» izeneko lan sinfoniko batean. Eta urte honetan Musikasten entzun ditzakegun beste aire batzuk.

Gure Sebastian Iradier, parrandero, gonazale, eta ibiltaria, Europa nahiz Ameriketako maila goreneko aristokraziarekin harremanak izan zituen eta munduko abesti famatuaren egilea denez, Euskadin jaio zela gogoratu behar dugu, baita bertan hil ere; hau da, berta-bertakoa zela harro aldarrikatzeko zioa eduki badaukagulakoan nago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo