GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

FITZ ROY Errepikapena

Patagonia, ezohiko eskalada eta elkartasun aldarrikapena

Urban Azman eta Boris Lorencic esloveniarrek Fitz Royko ipar aurpegiko Tehuelche bidearen (1.300 m, 6b+, A2) bigarren errepikapena sinatu zuten. Ezohiko jarduera izan zen, eta sokadak 44 orduko joan-etorria behar izan zuen eskalada egin ahal izateko.

p052_f01_67255.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Irakurleren batek agian esango du galduta samar gabiltzala Patagoniako eskaladak orain lerrootara ekarrita. Despistatuta baino, esango genuke egoera bitxia bizi izan dugula. Bai, Patagoniako ohiko denboraldia duela hilabete batzuk amaitu zen, baina oraingoa tanta bat izango balitz bezala iritsi zaigu. Urban Azman eta Boris Lorencic esloveniarrek Fitz Royko ipar horman dagoen Tehuelche bidearen (1.300, 6b+, A2) bigarren errepikapena egin dute. Jakina, bi alpinistak ezagututa, igoera oso estilo onean egin zuten. Arin eta azkar, 44 orduko jardunean. Ohiko proposamenetatik ihes egin zuten, bide honek ordura arte soilik errepikapen bat zuelako: 1986an Garibotti eta Byerlyk sinatutakoa.

Lorencicek GARAri azaldu dioenez, Fitz Royko marra hori igotzeko asmoa duela 3 urte jaio zen: «Patagonian ginela, Fitz royko eslovakiar bidearen (2.600 m, VI, A1) laugarren igoera egin genuenean, Urban eta bioi Tehuelche bidea eskalatzea otu zitzaigun. Besteak beste, tentea baino tenteagoa delako eta eguzkiak jotzen duelako».

Asmo horrekin bi esloveniarrak joan den neguan Patagoniara itzuli ziren. Han zirela, eguraldi iragarpenek zioten bi eguneko tarte ona izango zutela aurretik: «Aukera hori aprobetxatu nahi genuen, eta urtarrilaren 10ean Chaltenetik irten ginen. Arratsaldeko zazpietan eskalatzen hasi eta Urbanek esfortzu handia egin behar izan zuen tarte piko arriskutsu bat gainditu ahal izateko. Bi orduko atsedena hartu ondoren, goizeko seietan jarraitu genuen. Izotz asko zuen paretak, eta artifizialean (A2 tarteak) eskalatu behar izan genuen. Eguzkia azaldu zenean, komeriak izan genituen goitik izotz plaka handiak erortzen baitziren».

44 ordu

Hamar orduko eskalada gogorra izan zen. Zailtasun teknikoak gainditzeaz gain, oso luze arriskutsuak igo behar izan zituzten. Eta arriskutsua esaten dugunean, hala izan zen, segurtagailuak jartzeko apenas aukerarik izan zutelako.

«Izotz asko zegoen, eta zaila baino zailagoa zen fisurekoak zein friendak jartzea. Helburutik oso gertu geunden, eta ausardia pixka batekin luze bakoitza igotzen joan ginen. Hala ere, 10 metroko eroriko bat izan nuen. Azken bost luzeak iluntasunean igo genituen», nabarmendu digu Lorencicek.

Gailurretik gertu ziren, eta ezusteko gehiago izan zituzten. Laugarren graduko luze erraz bat zuten aurretik; hori bai, erabat izoztua. Ez zuten pioletik, eta, horren ondorioz, irteerarako alternatiba batzuk aztertu zituzten. Azkenean, bi eslovaniarrek Fitz Royko gailurra jo zuten; goizaldeko ordu biak ziren. Tehuelche bidearen bigarren errepikapena poltsikoan zuten; guztira, 34 luze gainditu behar izan zituzten.

Jaitsiera hasi baino minutu batzuk lehenago, elur maluta batzuk erortzen hasi ziren. Rappelak bata bestearen atzetik, eta zortzi orduko jardunaren ostean, glaziarrean ziren.

Chaltenera iritsi eta erdietsitakoa ospatu zuten. Aurretik egun gehiago zituzten, baina eguraldiak ez zien batere lagundu. Hori dela eta, inguruko blokeetan eskalatzen aritu ziren. Haatik, Azman eta Lorencicek aukera izan zuten Guillaumet Orratzean bide bat eskalatzeko: Fonrouge-Comesaña: 600 m, 5+, A1. Soilik 4 ordutan.

«Elkartasun keinurik ez erreskaterako»

«Chaltenetik irten baino egun batzuk lehenago, Kolonbiako eskalatzaile batek istripua izan zuen. Hain zuzen ere, norvegiarren kanpalekua eta Media Luna Dorrearen artean. Berria jaso bezain laster, eskalatzaile batzuk erreskate lanerako prest agertu ziren. Hori bai, Chaltenen geunden 100 eskalatzailetik soilik 10 boluntario azaldu ziren. Zoritxarreko gertakari horren aurrean, adierazi nahi dut mendian oso zaila dela buruaskia izatea, eta kontzientzia hori piztu eta indartu behar dugula. Zu ez zara eta gu ere ez!», aipatu digu Lorencicek.

«Hori guztia istripu bat izaten denean agerian geratzen da. Chaltenen ez dago erreskate talderik, ez dago ezer antolatuta... Hori dela eta, eskalatzaileon elkartasuna ezinbestekoa da. Lagun batek istripua duenean, aurretik lortutakoak ez du zentzurik. Soilik geure laguntza da garrantzitsuena. Kasu honetan, gainera, oso inguru txarra zen erreskaterako. Harrokeriak eta axolagabekeriak ez dute batere laguntzen. Guk ere istripuren bat izan genezake, eta laguntza jasotzea nahiko genuke», gaineratu du esloveniarrak». A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo