Banderen debekuak eta ezarpenak protestak eragin ditu Atarrabian eta Amurrion
Ikurrina, hirugarrenez, Atarrabiatik kentzeko epaiari baietzarekin erantzun dio alkateak, eta gaur bertan ikurra jarri zuen kultur elkarteari hori jakinaraziko diola adierazi du. Bien bitartean, Amurrion ezker abertzaleak kalean salatu du bandera espainolaren ezarpena.
GARA |
Gure herrietan zein bandera jarri behar den edo udal eta plazetako mastetan zein ikurrek ez duen lekurik izan behar epaitegiek erabakitzen omen dute. Hala, Atarrabian ikurrinaren desagerpena eta Amurrion bandera espainolaren ezarpena inposatu nahian dabiltza auzitegiak, eta bi herriotako alkateak, biak EAkoak, kexatu arren, agindua betetzen ari dira.
Atarrabiako enparantzan ikurrina, atzo behintzat, dantzan ikus zitekeen arren, ez dirudi luze iraungo duenik. Joan den ostiralean, auzitegiek kultur talde baten ekimenez plazan jarritako ikurrina kentzeko agindua eman ostean, Peio Gurbindo, herriko alkateak azaldu duenez, berak hartuko du gaur bertan epaia kultur taldeari emateko ardura.
NaBaiko kide den Gurbindok azkeneko ikurrinaren ezarpenarekin «inolako loturarik» ez duela dio; eta beraz, jarri ez duenez, kendu ere berak ez duela kenduko argitu zuen. Hala eta guztiz ere, gaur bertan aginduarekin elkartera joko duela adierazi du asteburuan.
Atarrabiako Estudios Históricos deritzon elkarteak jarri zuen ikurrina joan den maiatzaren lehenean, herriaren sorreraren 825. urtemuga ospatzeko ekitaldian, hain zuzen ere. Ikurrina herriko plazan jartzeko baimena Udalak eman zuen.
Gerora, ordea, ikurrina kendu eta bertako alkatea zigortzeko bidea ireki zuen Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Epaitegian aurkeztu baitzuten salaketa Nafarroako Gobernuko zerbitzu juridikoek.
Atarrabiako Udalaren (NaBai) argudioak aintzat hartu gabe, eta erakundeak ikurrina jartzeko emandako baimena «aitzakia hutsa» zela argudiatuta, Auzitegiak ikurra «berehala» kentzeko agindua eman zuen ostiralean. Horiek horrela, ikurrina hirugarrenez kenduko dute Atarrabiako udaletxeko plazatik.
Makina bat kalapita eragin ditu Ikurren Legeak Atarrabian, Nafarroa osoan bezala. Lehenik, udaletxeko mastatik kendu zuten ikurrina joan den urtean, orduan ere epaitegiek eman zuten euskal ikurra kentzeko agindua, eta tramite judizial ugari egin ziren arren, ikurrina udaletxetik at gelditu zen.
Ezker abertzaleak eta herritarrek oro har, gogor salatu zuten inposizio hura, ikurrina 1977tik baitzegoen udaletxean, herriak erreferendumean hala erabaki zuenetik, alegia.
Ikurrina udaletxetik kanpo gelditu bazen ere, laster aurkitu zuen txokoa udaletxe ondoan dagoen mastetako batean. Epaitegiek ordea, toki hori ere ukatu egin zioten eta joan den apirilaren hasieran kendu zuten ikurrina. Hilabetez egon zen ikurrinarik gabe plaza, joan den maiatzaren lehenean herriko elkarteak ikurrina berriz ezarri zuen arte.
Amurrion, espainola
Amurrion, aldiz, bandera espainolaren inposizioa da zalaparta eragin duena. Ikur espainola ez jartzeko dauden bide judizial guztiak agortu dituztela esan ondoren, ostiralean ezarri zuen bandera udaletxeko mastan Pablo Isasik, herriko alkate eta EAko kideak. Atzo, ezker abertza- leak elkarretaratzea egin zuen bandera espainolaren inposizioa salatzeko eta ehundik gora herritarrek bat egin zuten «geure ikurrina» goiburua zuen deialdiarekin.
EAk bandera espainola jartzearekin batera, «inposaketa hau» salatzeko oharra bidali zien ostiralean komunikabideei, bide judizial guztiak agortu eta Amurrioko herritarren %77 aber- tzalea dela gogora ekarriz. Era berean, erakunde espainolen kontra jotzen zuen oharrean, «Estatu kolonialen antzera» jokatu dutela esanez eta bestela, Madrilgo Gobernua Amurrio eta amurrioarrekin gogoratzen ez dela salatuz.
PSEk atzo erantzun zion EAri, «Banderen Legea bete dadin» dagoela ohartarazteko. Era berean, gogoz babestu zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero buru duen gobernua eta Amurrioko herriari, «aurreko Gasteizko Gobernuak eta Aldundiak batera emandako dirua baino gehiago» eman diola nabarmendu zuen.
110 hamar lagun batu ziren atzo eguerdian ezker abertzaleak «geurea ikurrina» lelopean Amurrion egin zuen mobilizazioan. Herritarrek, ikurrinak eskuetan zituztela, bandera espainolaren ezarpenarekiko haserrea erakutsi zuten.