GARA > Idatzia > > Kirolak

Bat formula Monakoko Sari Nagusia

Brawn GP-k marka guztiak hausteko asmoari eusten dio

Buttonek bosgarren garaipena lortu, eta tarte handiagoa sartu dio bere aurkari bakar izan daitekeen Barrichelo taldekideari. Ferrarik irudia apur bat hobetu du.

GARA | MONAKO

Aukera bakarra zegoen atzo garaipena berriro ere Ross Brawn-en pilotuetako batengana joan ez zedin; semaforoa itzali eta lehen bihurguneetan anabasa eta zoramena sortzea, sailkapeneko lehen postuetan tinko dauden pilotuen gidaritza erosoa ekiditeko. Ikusmira handia sortu zuen Kimi Raikkonenen bigarren postuak, eta bere gain jarri zuten talde ingelesaren hegemonia apurtzeko ardura. Pilotu finlandiarrak Button zuen aurretik eta Barrichello atzetik. Bazekien irteeran zeresan handia zuela. Baina lehendabiziko errebueltarako, Raikkonenek, pilotu ingelesa eta brasildarra, biak, aurretik zituen. Lehen akatsaren ostean, Raikkonenek larritasun handirik gabe eutsi zion podioko hirugarren postuari.

Ordurako interes osoa atzekoengan jarria zen. Vettel, Massa, Rosberg, Kovalainen eta Weberrek guda polita izan zuten Monakoko kaleetan zehar, eta boxetan sartu-irten ugari eginda, behin eta berriro aldatzen zuten ordena. Haien atzetik Fernando Alonso zetorren, punturen bat lortzeko asmoarekin. Gerra bizian zebilen talde horretatik, Vettel eta Kovalainen erretiratu egin ziren, haien inguruan ziren gidariei arnasa emanez. Baina ezer gutxi gehiago. Monakoko kaleetan hain ohikoak izan diren istripu eta mugimendurik ez zen izan, eta gauzak ia hasi bezala bukatu ziren.

Ferrarik Monakon utziriko irudi ona izan daiteke emozio zantzu bakarra. Talde italiarrak asko hobetu ditu bere autoaren ezaugarriak azken asteetan, eta denboraldian zehar bere bi pilotuek batera puntuatzea lortu ez badute ere, atzo hirugarren eta laugarren sartu ziren.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo