GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Garoña ixteko hamaika arrazoi

Argitaratzear dago Segurtasun Nuklearreko Kontseilu espainolak (CSN) Garoñako zentral nuklearrari buruz egin behar duen txosten teknikoa. Ekainaren 5a baino lehen aurkeztu behar du, baina irizpide hori ez da erabakigarria, ez luke izan behar. Ikusteko dago, ordea, erabakia hartzea dagokionak, PSOEren Gobernuak, zer jarrera hartuko duen: zentrala itxi, agindutako moduan, ala Estatu espainoleko zentral nuklearrik zaharrenaren bizia berriro ere luzatu, bere hitza janez eta Euskal Herriko biztanleen osasunean -zentralaren inguruko lurraldeetan bete-betean- haren eraginari eta etengabeko arriskuari eutsiz.

PSOEk Garoña itxiko zuela agindu zuenean, ez zuen esan erabaki hori CSNren irizpidearen mende zegoenik, eta orain ezin da onartu erabakia inolako txosten teknikoren araberakoa izatea, gainera txosten hori zentralaren jabeen presioen pean egina izango dela jakinda. CSNren jarrera beti izan da zentralean gertatutako irregulartasun eta istripu gero eta ugariagoei garrantzia kentzea, are erreaktorearen ontzian aurkitutako pitzadurei ezikusia egitea ere, bere izaera ustez neutrala zalantzan jarriz. Erabakia politikoa da, ez besterik. PSOEk zentrala itxiko zuela agindu zuen herritarrek gero eta ozenago hala eskatzen dutela ikusita, eta zentralaren itxieraren erantzukizuna berea da, ez beste inorena. Ondo kontuan izan behar da batzorde neutral gisa aurkezten duten CSNren txosten teknikoaren atzean interes ekonomiko handiak daudela, zentralaren jabeenak, hain zuzen, baina Gobernu espainolak ezin du bere erantzukizuna interes horien artean ezkutatu. Ez da inondik inora onartzeko modukoa interes pribatuek milaka herritarren osasuna arriskuan jartzea.

PSOEk hitza bete behar du, txosten «teknikoak» edozer dioela. Nolanahi ere, badira politikarien promesak baino arrazoi sendoagoak zentrala ixteko, hala nola herritarren osasuna. Eta inguru honetan hain pattal dabilen demokraziaren osasunarentzat ere ez litzateke txarra behingoagatik herritarren nahiari muzin ez egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo