Topaguneak Mutrikun egingo du Spraikada `09
GARA | DONOSTIA
Mendaro, Getxo, Tolosa, Gernika eta Erandiotik igaro ondoren, Mutrikun antolatu du aurten Spraikada Topaguneak, Euskararen Elkarteen Federazioak. Antolatzaileen arabera, Spraikada hitzordu klasiko bilakatu da dagoeneko euskal grafitigile eta zaleen artean eta, era berean, euskal grafitigintzaren erakusleiho berria da.
Urtero bezala, aurtengo edizioan ere buruz buruko lehia gauzatuko da Mutrikuko kaleetan. Uztailaren 18an hamar grafitigile lehiatuko dira eta 7x2 metrotako hormak baliatuko dituzte beren sorkuntzak egiteko. Lehiaketan parte hartzeko, egin nahi den grafitiaren zirriborroa bidali behar da ekainaren 30a baino lehen. Jasotako lan guztien artean hamar onenak hautatuko dira. Bete beharreko baldintza bakarrak: 16 urtetik gora izatea, grafitiaren testuak euskaraz egitea eta, aukeratua suertatuz gero, grafitia antolakuntzak emandako espraiekin egitea. Estiloa, teknika eta gaia libreak izango dira.
Buruz burukoaz gain, tailerrak eta bestelako jarduera osagarriak antolatu dituzte grafitigintzaren prozesua hasieratik amaierara arte ezagutzeko.