GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Maider Iantzi Kazetaria

Mundu osoa bere baitan zuen poeta

 

Urruneko abenturetara eramaten gaituzten «debaldeko» hegaldien edo eskaintza «hagitz-hagitz merkeen» garaian, komeni da bidaiarik zirraragarrienak mugitu gabe egin ditzakegula oroitaraztea. Badira bidaiak espazioan egiten direnak, baina badira denboran egiten direnak ere. Urteetan gibelera egin eta ohitura, hizkera, istorio eta janzkera ezezagunen berri izan dezakegu aitatxi-amatxiekin solastatuta. Altxorrik preziatuena hurbil-hurbil dugu. Bidaia batzuk kanpora egiten dira eta bertze batzuk barrenera. Badira mundu osoa bere baitan bilatzen duten pertsonak, Emily Dickinson poeta bezala. Ingalaterra Berriko herri ttiki batean, zuhaitzez inguratutako etxe batean, bizi izan zen 1830. eta 1886 artean. Haren logela izkina batean zegoen, bi leiho zituen norabide banatan, eta mahai bat kaxoi batekin. Bertan txukun-txukun bilduta aurkitu zituen ahizpak hainbat poema. Diotenez, hagitz jende gutxirekin izan zuen Emilyk harremana eta ez zen apenas atera; logelako mahaitxoan idatzitako obrak mugarik gabeko sentimenduak sentiarazten ditu, ordea. Bidaia batzuk egiazkoak dira eta bertze batzuk gezurrezkoak. Badira ikaragarrizko abenturak bizi dituztela sinestarazten dutenak, lehenbizi beren buruari eta gero gainerakoei. Louis de Rougemont suitzarrak bizipen hagitz interesgarriak idatzi zituen aldizkari batean: Ginea Berriko kostan perlak arrantzatzen ari zela, ekaitz bortitz batek harrapatu eta Australiaraino eraman zuen. Bertan, 30 urtez tribu kanibal bateko buru izan zen, bufalo hilen barruan lo egitera iritsi zen, emakume batekin haur bat izan eta bere aurrean umea nola irensten zuen ikusi zuen... Gerora jakin zuten dena gezurra zela eta Australian harakin aritu bazen ere, liburutegi batean sartuta eman zuela denbora.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo