GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Juan Luis Mugertza | Berango

Argazkiak

Ez naiz batere aritua, baina gaur argazkiak erakusteko beta hartu dut. Ni eskola zaharrekoa naiz eta botoia non, atzamarra han, klik! egiten dut, automatikoki. Polita argazkia! Halarik ere, meritua ez da nirea, meritua argazki-makinarena da, zeren eta, egun, lehen ez bezala, teknologia dela eta, edozeinek egiten du argazkilariarena. Meritua umeak gineneko zuri-beltzean eginiko argazkilariek zuten, herriko jaietara propio etorritako -auskalo nondik- fotografoek. Meritua eta pazientzia praka motzak, txarolezko oinetakoak eta galtzerdi zuriak jantzitako artaldea baretzeko, eta belaun-buruaren bueltan esparatrapuak ezkutatutako zauriaren argazkia itxuroso egiteko. Argazki gehienak zaldiko-maldikoen ondoan egiten genituen, txintxo-txintxo itxuran. Hori bai, atzekoek behatz puntetan orekari eusten zioten altuagoak emateko: Orain ez mugitu! Eta hantxe egoten ginen eternal egiten zitzaigun denbora arnasari eutsiz, flasharen eztandak gure begitxoak itxiarazi aurretik. Bai, horrelakoak ziren orduko fotografiak.

Harrezkeroztik bizitzak erakutsi digu nork bere buruan egindako argazkiek osatuko dutela bere bilduma, baina orain, lehen ez bezala, badakigu herriko jaiak heldu gabe, eguneroko sekuentziek aukera emango digutela argazkiak egiteko, bilduma osatzeko. Askotan zuri-beltzean, inoiz koloretan, baina azken finean, fotografiak inoiz, inon, inori erakusteko gogoa emango dutenak.

Ez dakit Berangoko Eroskin erosketak egiten nengoelarik ikusitako eszenak (preso baten aita) ez ote didan lagundu, ez ote nauen bultzatu, barruko argazki-pelikulak horrenbeste denbora ezkutuan izanikoa erakusteko, baina momentuan argazki-makinari heldu eta, aspaldian ez bezala, klik! klik! egin eta hantxe ikusi dut bere irribarrea, gozotasuna orduantxe bezala: «Zer, lanera?».

Baina ez da eszena bakarra izan; txirrikak gordetako argazkiek greba egunean eginikoak ere erakutsi dizkidate, eta tamilekin egindako sarraskiarenak, eta Jon Anzarena... eta, nola ez, herritik kanpo dauden gainontzekoenak, ze nik bi herri ditut: Berango eta Elgoibar, eta bai batean bai bestean kilometro askotara daudenak irrikan ikusteko daude etxekoak. Ez gaitezen lotsa eta erakuts ditzagun gustuko argazkiak, herri honen albuma, leku handia dute eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo