Mertxe Gonzalez eta Beatriz Arana Txingudiko AHT Gelditu Elkarlaneko kideak
AHTrekin krisia betiko
Azpiegitura handiak gure ekonomiaren ardatza dira. Salgaien joan eta etorriak bermatzeko gero eta azpiegitura gehiago ari dira eraikitzen bazter guztietan: autobiak, autopistak, plataforma logistiko eta intermodalak... Gugandik oso urrun ekoiztutako produktuak gure bizimoduaren oinarri bilakatu dira. Urrun ekoizten denari ateak irekitzeko bertako sare produktiboa hondatuz joan da. Sistema ekonomiko okerraren ondorioz, eskubide laboralak galdu ditugu langileok, lan baldintzak okertu zaizkigu eta gure bizi kalitatea degradatu egin da. Kontsumo errazaren bitartez gauzen esklabo bilakatu gara. Boterea eta baliabideen jabetzaren kontzentrazioak bizitzaren gaineko kontrola eta erabakitzeko eskubidea herritarrongandik urrundu egin ditu... Baina horrek guztiak krisialdi sakon batean sartu ditu herriak eta lurra. Petrolio merkeari esker eratutako sistema huts egiten ari da. Kapitalismoaren etsipena inoiz baino argiago ari gara ikusten.
Egoera honen aurrean elite politiko-ekonomikoek diote Abiadura Handiko Trena bezalako azpiegitura erraldoiak eraiki behar direla krisialditik ateratzeko. Naturari egindako kalteak sakondu eta larriagotu nahi dituzte negozio gizonek, nekazaritza eta abeltzaintza suntsitzen dituzten bitartean. Lanpostu berriak sortuko dituztela diote. Baina badakigu zer lanpostu mota: esplotazioan oinarrituak, gaizki ordaindutakoak, arriskutsuak eta prekarietatean murgilduta. Langileok hainbat urtetan zehar lortutako eskubideekin bukatuko dituzten horietakoak. Etorkizunik ez duten horietakoak.
AHT bezalako azpiegitura handiek betiko krisialdian sartuko gintuzkete. Ezetz borobila esan behar diegu jendarte eraldaketaren alde gure indar guztiekin borrokatzen garen bitartean. Hurbiltasunean, humanitatean, txikiagotasunean eta deszentralizazioan oinarrituriko jendarte eredua eraiki arte. Erabaki guneak gure esku izan arte. Gure bizitzaren gaineko kontrola berreskuratu arte.