Gobernuak baino sinesgarritasun handiagoa duten auzipetuen epaiketa
NBEko Torturari buruzko kontalari ohi Theo Van Bovenek, bihar Madrilgo Auzitegi Nazionalak 12 arabarren kontra hasiko duen epaiketa dela-eta, argitaratu duen adierazpenak bat egiten du euskal herritar gehienen «uste osoa»rekin. Izan ere, Van Bobenek, bere eta beste hainbat adituren ikerketen ondorioz, Estatu espainolean tortura eta tratu txarrak noizbehinkako praktika ez diren ustea agertzen du bere idatzian. Areago, berak duela bost urte bere txostena egin zuenean ez ezik, praktika horrek gaur egun ere bere horretan segitzen duela ondorioztatu du, 2008an Giza Eskubideen Batzordeak eta Terrorismoaren Kontrako Borrokan Giza Eskubideak Bermatzeko NBEko kontalari bereziak ondorio berera iritsi baitziren. Van Bovenek sinesgarritasun handiagoa sumatu du auzipetuengan Gobernu espainolean baino, Unai Romanoren aurpegi desitxuratuan atxilotuen inkomunikazioa erauzi nahi ez dutenengan baino, polizia-etxeetan bere burua errudun jotzen duenarengan tortura salaketak ikertzen ez dituenarengan baino. Beharbada Gobernu espainolak pentsatu du Van Bovenek bere aurkako interesen bat duela. Ez da galdera txarra: zer interes izan lezake gobernu bat nabarmen uzteko?