Biktima batzuk ahaztu dituela oroitarazi diote Tolosako Udalari
Martxoan erabaki bezala, larunbatean egingo du Tolosako Udalak «terrorismoaren biktimak» gogoratzeko ekitaldia. Haatik, Tolosako beste hainbat biktima eta senidek kaltetu batzuk ahaztu dituela gogorarazi diote Udalari. Hauek ez dituzte omenaldiak eskatzen, «sufrimenduaren aitortza eta egia» baizik.
GARA |
«Terrorismoaren biktimak» omentzeko asmoz, urtero ekitaldi bat egitea onartu zuen Tolosako Udalak martxoaren amaieran egindako osoko bilkuran eta larunbatean egingo du lehendabiziko ekitaldia. Alta, ekinbide hau kritikatzeko eta «biktima batzuk ahaztu zaizkiela» ohartarazteko agerraldia egin dute egunotan hainbat tolosarrek; Udalak «nahita ahaztu dituen biktimak» eta hauen senitartekoak, alegia.
Bertan, besteak beste, Lasa eta Zabalaren, Txirritaren eta Lopetegiren senitartekoak, euskal preso ohiak eta Martxelo Otamendi eta tortura salatu duten beste hainbat tolosar izan ziren.
«Udalak ahaztutako biktimen» hitzetan, beraien biktima izaera ezabatu nahi dute. Haiek, agerraldian esan bezala, ez dute ez omenaldirik, ez eta plakarik nahi, eta nahi duten bakarra «egia esatea» dela adierazi zuten; «herri honetan gertatutakoa azaltzea», hain zuzen ere. Tolosar hauen iritziko gainera, «beharrezkoa da sufrimendu horren aitortza» eta Euskal Herria jo zuten «benetako biktima handiena» bezala.
Udalak «biktima horiek guztiak ahaztea, eta historia horrela bihurritzea, zaurietan ozpina eta gatza botatzea besterik ez» dela deritzote. Honenbestez, «era honetan Memoria Historikoa ezin dela berreskuratu adierazi zuten, ezin baita justizia egin».
Bien bitartean, Tolosaldeko ezker abertzaleak, «biktimen oroimenez», ekimen ugari egingo ditu aste honetan. Bihar dute hitzordu nagusia, 19.30ean mahai-ingurua egingo baitute Etxerat-eko kide Mattin Troitiño, Martxelo Otamendi, Ahaztuak-eko kide Martxelo Alvarez eta Martxoak 3 elkarteko Andoni Txaskorekin. Tokia, ordea, ez dute oraindik zehaztu. Udaletxean egiteko asmoa zuten, baina honek baimena ukatu die.
Udalak, bestalde, atzo egin zuen ekitaldiaren berri emateko agerraldia, Lakuako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendariak Maixabel Lasa ondoan zuela. Ekintza hau «biktimekiko ireki den garai berriaren irudi eta ikur dela» esan zuten bertan.