GARA > Idatzia > > Euskal Herria

EHBEk euskararen egoera eskolan jada nahikoa larria dela ohartarazi du

Lakuako Gobernuak Hezkuntzan eta euskarari dagokionez aurrerapausoak baino atzerakoak emateko asmoa duela iragarri duenean, EHBEk «Euskararen egoera irakaskuntzan» txostena aurkezteko egindako agerraldian ohartarazi du egun ikastetxeetan egungo egoera mantentze hutsa ez dela nahikoa, ikasleak ez direlako euskalduntzen. Honen aurrean dei egin die hezkuntza arloko eragileei eta instituzioei eredu bakarra eta euskalduna ezartzeko.

p019_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Lakuako Gobernuko eledunak, Idoia Mendiak, atzo jakitera eman zuenez, aurreko gobernuak onartutako euskararen inguruko dekretu batzuk indargabetuko ditu, «eskolan euskara hizkuntza nagusi zehazten zuten atalak» zehazki. PSEko ordezkariak aditzera eman zuenez, Gobernu berriak egun eskaintzen diren «hiru ereduak bermatuko» ditu. Alabaina, Gobernu berriaren hezkuntza eredua «beste bat» dela zehaztu zuen, hirueleduna, hain zuzen, eta hezkuntza komunitateari eredu horrekin bat egin dezan dei egin zion.

Gobernuko ordezkariak adierazpen horiek egiten zituen bitartean lehendik ere Euskal Herriko ikastetxeetan euskararen egoera kaskarra dela iritzi zion Euskal Herrian Bere Eskolak (EHBE). Azken egunetan, Hezkuntza arloari dagokionez, administrazioa agertzen ari den asmo eta iritziekiko kezka agertu zuten: «Kasurik onenean ere egun dagoen egoera mantentzeko asmoa erakutsi du eta argi frogatu da hori ez dela nahikoa», azaldu zuen Unai Redondo EHBEko kideak, atzo aurkeztu zuten «Euskararen egoera irakaskuntzan» txosteneko datuak oinarri hartuta. «Egoera mantentzeak berak ekarriko du eskolan Euskal Herriko ikasle guztiak ez euskalduntzea».

Azaldu zutenez, egun ikasleen erdia baino gutxiago euskalduntzen da eskolaren bitartez. Kezkatuta agertu ziren, halaber, D ereduan matrikulatutako ikasle kopurua urtetik urtera handitzen bada ere, soilik %1 hazten dela. «Urtero %1 bakarrik handitzen, beste 50 urte beharko genituzke ikasle guztiak euskalduntzera iristeko», ohartarazi zuten. Kontuan hartu behar da gainera, Euskal Herriko hezkuntza sistema nazionalaren aldeko herri mugimenduak azaldutakoaren arabera, abiapuntuak oso ezberdinak direla lurraldetik lurraldera: «EAEn ikasleen erdia-edo dago matrikulatuta D ereduan, Nafarroan ez da laurden batera iristen eta Ipar Euskal Herrian soilik %10ekoa da portzentajea». Beraz, egoera bere horretan mantenduta, «ez dugu lortuko belaunaldi berriak euskalduntzea».

Hori dela eta, dei berezia egin zieten hezkuntza arloan jarduten duten eragileei eta hezkuntza arloan instituzioetan lan egiten dutenei: «Politika berria behar da eskolak ikasle guztiak euskaldundu ditzan, eta hori lortzeko bide bakarra hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna ezartzea da». Euskara ikastea lehentasun moduan finkatuta, «lortuko da ondoren elebitasuna edota eleaniztasuna». Ildo horretan, Euskal Herriak bere hezkuntza sistema nazionala behar duela gogora ekarri zuten eta ikasle guztiak euskalduntzea lehentasunezko egitekoa izan behar dela.

Aurkeztu zuten txostenean haur hezkuntzatik unibertsitatera arteko datuak aztertu dituzte atalez atal, eta azken alor honi dagokionez, euskalduntze prozesuetan borondate gutxi dagoela nabarmendu zuten. «Horren erakusle garbiena dira hemen -Miramar Jauregian- urtero egiten diren UPVren Udako Ikastaroak. Aurten 89 ikastaro eskainiko dira gaztelaniaz eta soilik 8 euskaraz», salatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo