Lizarra eta Arbizu batuko ditu IAk antolatutako Eskola Ibiltariaren 10. edizioak
Urtemuga biribila ospatuko du uztailaren 2tik 4ra Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduaren Eskola Ibiltariak. Hori ospatzeko, Lizarra eta Arbizu urratsez eta lurraren ustiapenaren inguruko jakintzaz batuko ditu.
GARA |
Ikasturte amaierako azterketetan bete-betean murgilduta dauden arren, ikasleak euren gogo eta asmoak udan jarri dituzte, uztailean Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduak egingo duen Eskola Ibiltarian hain zuzen.
Atzo aurkeztu zuten IAko kideek datorren uztailaren 2tik 4ra egingo duten ibilbidea. Nafarroan barrena ibiliko da hamargarren edizio hau, eta Lizarra eta Arbizu batu eta tartean dagoen guztiarekin gozatu eta ikasiko dute udaro errepikatzen den ekimen honetara hurbiltzen diren gazteek.
Aurten, gainera, lurraren ustiapena izango da gai nagusia eta, hortaz, hiru egunetan egingo diren herri eskola, eztabaida eta tailer gehienek gai hori izango dute ardatz. Lurraren ustiapenak ingurumenean eta lurralde antolamenduan duen eragina aztertuko dute bertan. Eta horrek guztiak gazteengan, zonaldeko herri txikietan eta bertako sozioekonomian ekarriko dituen aldaketak gertutik ezagutzeko beta izango dute parte hartzaileek.
Aurtengoan gainera, web orriaren bitartez, Eskola Ibiltariaren inguruko iritzia eta nahia jakin nahi izan dutela adierazi eta ekarpen fase izan dutela aipatu zuten. Bertan jasotako ideiak gainera aurtengo egitarauan uztartu dituztela esanez.
Eskola Ibiltaria, ordea, «edukiz jositako eskola zurruna» ez dela goraipatu eta eskola honen filosofia zehatz-mehatz zein den gogorarazi zuten mugimenduko eledunek. Finean, kurtsoan zehar «aldarrikatzen duguna errealitate bihurtzeko» bitartekoa dela defendatu zuten.
Eskola Ibiltariak era askean ikasi eta bizitzeko aukera eskaintzen duela azaldu zuten: «Ikasgelako lau paretetatik atera eta laguntasunean eta berdintasunean oinarritutako hezkuntza jasotzeko beta izango dute etortzen direnek». Ikasle mugimenduaren aburuz, balioek nota huts bat jasotzea baino garrantzi handiagoa dutela aldarrikatzeko, eta beste eredu pedagogiko batean oinarrituta dagoen hezkuntza eskatzeko bitartekoa ere bada Eskola Ibiltaria.
Horiek horrela, uztailaren 2tik 4ra, ikasteko aukera ez ezik, era askean eta gazteek antolatutako aisialdian bizitzeko aukerari baiezkoa eman eta parte hartzera deitu zituzten gazteak.
Eskola Ibiltarian parte hartu nahi duenak 20 euro ordaindu behar ditu eta izena emateko www.ikasleabertzaleak.org helbidean egin dezake.