Bizkaiko patronalak ez du ekonomiaren suspertze zantzurik sumatzen
2009. urteko lehen hiruhilekoan %2,2 egin du behera Bizkaiko ekonomiak eta %2,5 EAE osokoak. Bizkaiko industria sektorearen egoera «oso kezkagarria» da; %20ko beherakada izan du lehen hiruhilekoan.
GARA |
Bizkaiko Enpresa Konfederazioko lehendakari Jose Maria Vazquez Eguskiza eta idazkari nagusi Francisco Javier Azpiazuk atzo prentsaurrekoan azaldu zutenez, ez dute ekonomiaren suspertze zantzurik sumatzen, 2009ko lehen hiruhilekoan Bizkaiko industriak %20ko beherakada izan eta urtarriletik apirilerako tartean enplegua erregulatzeko txostenen eraginpean 11.000 langile zeudela kontuan hartuta. Urte bukaerarako Bizkaiko ekonomiak %2,5eko beherakada izango duela aurreikusten du patronalak eta 15.000 lanpostu galtzeko arriskua dagoela esan du.
Vazquezek Bizkaia eta, oro har, EAEko ekonomiaren okertze orokorra dela-eta kezka azaldu zuen, bereziki industria sektoreak Bizkaian duen egoeragatik.
Patronalaren arabera, 2010. urteko bigarren edo hirugarren hiruhilekotik aurrera tasak positiboak izaten has litezke, baina susperraldi «motela» iragarri du. «Oso zuhur» jokatu behar dela adierazi zuen Vazquezek, adierazleak arintzen ari direla esatean. «Horrek ez du esan nahi krisia arintzen ari denik, akaso, krisiaren azken mailara iristen ari garela baizik, baina ez gara krisitik ateratzen hasi», zehaztu zuen. Oraindik jarduera arazo «oso garrantzitsua» dagoela eta egun industria sektorean ez dagoela hazkuntza adierazlerik esan zuen, «guztiz kontrakoa». Vazquezen hitzetan, «industria sektoreak ez du sumatzen 2010. urtea ere indarberritzen hasiko den urtea izango denik».
Krisiaren irtenbidearen inguruan, Vazquezen iritziz, ez dago EAEko eredu ekonomikoa aldatzeko beharrik, eredu «zuzena», bere ustean. Akaso «estutu» egin behar dela esan zuen, baina nabarmendu zuen egungo ereduak «balio izan» duela.
Bizkaiko Patronaleko lehendakari berria hautatuko dute gaur. Metalgintzako enpresen federazioak bertan dituen 15 ordezkariek egungo lehendakari Vazquez Eguskizaren hautagaitzaren aurka bozkatuko dute.