GARA > Idatzia > > Kultura

Maria Bayo, Arriagak eta Liceuk ekoiztu duten operako izar

Poulenc piano-jotzaileak 1946an sortu zuen opera surrealista, «Les Mamelles de Tirésias», ekoiztu du Bilboko Arriagak, Bartzelonako Liceurekin batera. Bihar eta larunbatean taularatuko da Arriagan, kantarien artean Maria Bayo soprano tuterarra izar nagusi duela.
p041_f01_148x100.jpg

A. BILBAO | BILBO

Francis Poulenc (1899-1963) piano-jotzaile frantziarrak 1946an konposatu eta Guillermo Apollinaireren liburuxka zuen «Les Mamelles de Tirésias» opera surrealistak itxiko du Arriaga antzokiaren opera programazioa. Opera frantsesez izango da eta gaztelaniazko zein euskarazko azpitituluak izango ditu.

Obra Arriaga antzokiak berak ekoiztu du, Kataluniako Gran Teatre del Liceurekin batera, eta Bilbon bihar eta datorren larunbatean taularatuko da, iluntzeko zortzietan. Arriaga antzokiko programazio artistikoaren arduradun nagusi Emilio Sagi arduratuko da eszena zuzendaritzaz, eta kantarien artean, Maria Bayo nafarra du izar nagusi, «Tiresias» eta «Karta botatzailea»ren paperetan.

Sagi zuzendariaren esanetan, «obrak gorputz eta gogamen irekiera beharraren mezua dakar, eta bakoitza den bezala onartzearen giza eskuzabaltasunaz dihardu». Lan konplexua da «Les Mamelles de Tirésias», «lirikaren harribitxi txikia», Bayoren esanetan, eta «musikari dagokionez, zail samarra».

Tuterako sopranoarekin batera, Troy Cook, David Menendez, Itxaro Mentxaka, Mikeldi Atxalandabaso, Manel Esteve eta Javier Tome izango dira bakarlariak, eta Bilboko Koralak ere hartuko du parte, Olga Revuelta, Nora Franco eta Miguel Angel Alvarez protagonista dituela. Musikaren ardura, berriz, World Orchestra of Jeunesses Musicalesek izango du, Josep Vicenten gidaritzapean.

Opera antzeztu baino ordu erdi lehenago, eta hogei minutuz, musikaz arduratuko den orkestrak Poulencen seikote bat joko du antzokiaren foyerrean, jendea eserlekuetan egokitzen den bitartean. Bartzelonako Liceura datorren urtean iritsiko da.

Ordubete eta laurdenean prologoa eta bi ekitaldi dituen opera harrigarriak «etxekoandre bizimoduaz gogaiturik dagoen emakume baten istorioa kontatzen du, seme-alabak zaindu baino egiten ez duena. Berak gizon bihurtu nahiko du, eta baita lortu ere; bere gizona, berriz, ordainetan emakume bihurtuko da».

Fitxa

Titulua: «Les Mamelles de Tirésias».

Data: Bihar eta datorren larunbatean. Lekua: Arriaga antzokia (Bilbo).

Ordua: 20.00etan.

Sarrera: 12-55 euro artean.

Musika-zuzendaritza: Josep Vicent.

Eszenako zuzendaria: Emilio Sagi.

Interpreteak: María Bayo, Troy Cook, Itxaro Mentxaka, Bilboko Abesbatza, etabar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo