GARA > Idatzia > Kirolak > Bilbao Basket

Egindakoarekin pozik eta datorrenarekin itxaropentsu

Vidorretak balantze positiboa egin du eta datorrenari begira ere baikorra da. Savovic eta Recker gabe, Javi Rodriguez izan liteke lehen fitxaketa.

p037_f02_16754.jpg

GARA | BILBO

Txus Vidorreta, Bilbao Basket taldeko entrenatzailea, pozik azaldu zen «goranzko joera» izan duen denboraldiarekin. Eta datorrenari begira ere «gogotsu» agertu zen, nahiz eta erretiroa hartuko duen Pedja Savovic eta Bilbon ez jarraitzea erabaki duen Lucas Recker taldean ez diren egongo.

Denboraldiaren balantzea egiteko balio izan zuen prentsaurrekoan, Vidorretak bereziki nabarmendu nahi izan zuen taldeak Europa mailako lehen parte hartzean izan duen errendimendua, finalean ez sartzea kolpe gogorra izan zen arren. «Errusiako ligako txapeldunordearen aurka galdu genuen (Khimki), denboraldi txukuna egin duen taldea eta datorren denboraldian Euroligan arituko dena», gogorarazi zuen Vidorretak, bizkaitarrek lehen itzuliko bigarren zatian «beherakada nabarmena» izan zutela onartzearekin batera.

Edozein modutan, entrenatzaileak taldea zoriondu zuen «jarritako helburuak» betetzeko gai izan delako, Europan itxura ona ematea eta play-offetara sailkatzea. Gabeziaren bat aipatzekotan, Kopa jokatzeko sailkatu ez izana.

Lorpen horiek tarteko, aurtengoa Bilbao Basketek ACBn egindako sei urteetan «bigarren denboraldi onena» izan da, Vidorretaren ustez. «Onena iazkoa izan zen, baina emaitzen balorazioa izandako zailtasunen arabera egiten da, eta horregatik, maila pertsonalean, entrenatzailearen ikuspegitik, aurtengoarekin harroago sentitzen naiz».

Datorren denboraldiari begira, «gora begira» jarraitzeko asmoa dutela esan zuen eta kluba ez dela sartuko «ez beheranzko joeran, ezta azkarregi handitzekoan ere, apurka hazten joateko bidean baizik». Zentzu horretan, «baikor» azaldu zen Iurbentiaren lekukoa hartuko duen babesleren bat iritsiko delakoan. «ACBn zazpigarren postuan amaitzea oso ona litzateke, eta Europan final bat jokatzea sekulakoa». Gogoratu zuenez, araudia aldatzen ez bada, Bilbao Basketek ziurtatuta du Europan jokatzea, «aurrekanporaketaren bat jokatuta bada ere».

Datorren urteko taldeari dagokionez, Vidorretak hamaika gizonez osatuta egongo dela iragarri zuen, bete behar diren kupoen araberako fitxaketekin. Antolatzaile bat, pibot handi bat eta kanpotik jokatuko duen jokalari bat fitxatu nahi ditu. Savovic erretiratu egingo da, Reckerrek ez du jarraituko eta kontratua amaitzen zaion Paco Vazquezekin hitz egiten dabiltza beste urte batez jarrai dezan. Beste guztiek kontratua dute oraindik, nahiz eta Quincy Lewis estatubatuarrari taldeak baja eman diezaiokeen ekainaren 30a baino lehen. Etor litezkeen aurpegi berrien inguruan, Vidorretak aurten Manresan jokatu duen Javi Rodriguezen lana nabarmendu zuen, taldearen interesa baieztatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo