GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Buruz Buruko Txapelketa

Finalerdiari uko egin dio azkenean Belokik, lesionatuta jarraitzen baitu

Burlatakoaren erabakiaren ondorioz, Irujok eta Olaizola II.ak jokatuko dute finala datorren ekainaren 7an Donostiako Atano III.an.

p039_f01_97x140.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Herenegun arratsaldean egindako adierazpenek ez zuten baikortasun handiegirik adierazten, eta berria baieztatzea besterik ez zen falta. Hala, azkenean Ruben Belokik Aimar Olaizolaren aurkako Buruz Buruko Txapelketako finalerdiko norgehiagoka ez duela jokatuko adierazi zuen atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Asegarceko atzelariak bere eskuin eskuko hatz lodian bihurdura egin zuen hilaren 9an, final-laurdenetan, Olaizola I.aren aurka jokatutako partidan. Fisioterapiaren bidez hatza sendatzeko ahalegin guztiak egin ditu Burlatako pilotariak ordutik hona. Pilotalekuan zenbait proba ere egin ditu, baina minik gabe jokatu ahal izateko gutxieneko bermea izan nahi zuen, eta atzo adierazi zuenez, oraindik ere arazoekin jarraitzen du.

Ordubeteko proba egin ostean, honakoa aipatu zuen Belokik: «Nahiko gogor entrenatu dut. Hatzak hobera egin du, baina bere denbora behar du oraindik sendatzeko. Gehienbat airez eta sotamanoz ematerakoan ematen dit mina. Horrenbestez, ez jokatzea erabaki dut. Asko kostatu zait erabaki hau hartzea, oso partida garrantzitsua baita. Finalerdietara iristea ez da urtero lortzen den zerbait».

Hala ere, serie-buru bezala aterako da Beloki datorren urteko Buruz Burukoan, eta horretan pentsatzen ari da dagoeneko: «Finalerdietan egoteko borrokatuko dut. Buruari buelta asko eman dizkiot, baina datorren urtean gogo eta indar berarekin saiatuko naiz hemen egoten».

Hortaz, Irujo eta Olaizola II.a arituko dira aurrez aurre ekainaren 7an txapelketako finalean. Atzo bertan aurreratu zutenez, azken partida hau Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko da.

Aldaketak prestaketan

Belokiren erabakiak iritzi ezberdinak sortu ditu finalean egongo diren bi pilotarien artean. «Niretzat hobeto da finala 7an jokatzea, horrela programatuta neukalako. Hala ere, ekainaren 14an jokatu behar izan balitz ere ez lidake inportako, Belokik finalerdietako partida jokatzeko aukera izango lukeela esan nahiko bailuke. Egia esan, merezi zuen», azpimarratu zuen Irujok.

Finalaren aurrerapena dela-eta, Aspekoak ez du asteburu honetan programatuta zuen binakako partida jokatuko. «Buruz burukorako entrenamendu espezifikoak egitea nahiago dut», esan zuen Iberokoak.

Olaizola II.ak, aldiz, honakoa adierazi zuen: «Ezustean harrapatu nau Belokiren erabakiak. Asteburu honetan jokatzea espero nuen eta hala izatea nahiago nuen. Niretzat denbora gehiegi izango da jokatu gabe».

Bi nafarrek oso ibilbide ezberdina izan dute aurtengo txapelketan. Final-zortzirenetan egin zuten debuta, baina Irujok hiru neurketa jokatu dituen bitartean -Xala, Gonzalez eta Bengoetxea VI.a kanporatu ditu-, Olaizola II.ak neurketa bakarra jokatu ahal izan du -Urberuagaren aurka 22-16 irabazi zuen final-zortzirenetan, baina final-laurdenetako kanporaketa bezala jokatu zen Abel Barriolaren lesioagatik-.

Orain, berriz, Belokiren aurka jokatu behar zuen goizuetarrak bertan behera geratutako finalerdian. Ondorioz, partida bakarrarekin iritsiko da finalera Olaizola eta, horrek, «erritmo ezak», ematen dio «beldur gehien».

Hirugarren finala elkarren aurka azken sei hilabeteetan

Azken sei hilabete hauetan hiru finaletan topo egingo dute Irujok eta Olaizola II.ak. 2008ko abenduaren 8an Lau eta Erdiko finala elkarren aurka jokatu zuten. Garaipena Olaizola II.arentzat izan zen (22-17). Ondoren, iragan martxoaren 29an, Binakako Txapelketan elkar ikusi zuten Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Irujok eta Goñi III.ak txapela irabazi zuten Olaizola II.aren eta Mendizabal II.aren aurka (22-21). Datorren ekainaren 7an, hirugarren aldiz lehiatuko dira txapela lortzeko.

Bai Irujok eta baita Olaizola II.ak ere Buruz Burukoan bi txapel lortu dituzte. Iberokoarentzat laugarren finala izango den bitartean, Goizuetako pilotariarentzat bosgarrena izango da. Final gogorra izango dela uste dute biek. I. CARRILLO

FINALERAKO SARRERAK

Ekainaren 7an Donostiako Atano III.an jokatu den finalerako sarrerak bihar ipiniko dira salgai, 10.00etatik aurrera, eta 40 eurotik 150 eurora arteko prezioa edukiko dute. Erreserbak egiteko 661259009 telefonora dei daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo