GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Gerizpetik eguzki begire» dator Ibilaldia Galdakaora

Euskaltzale guztiek igande honetan dute Bizkaiko ikastolen aldeko festarekin hitzordua. Galdakaon ospatuko da Ibilaldiaren aurtengo edizioa, bertako ikastolari ohore egiten dion «Gerizpetik eguzki begire» lelopean. Umeek, gazteek zein familiek gozatzeko aukera izan dezaten prestatu duten egitarauaren berri eman zuten atzo antolatzaileek.

p016_f02_194x120.jpg

Manex ALTUNA |

Iganderako guztia prest dagoela adierazi zuten atzo Bilboko Kafe Antzokian 2009ko Ibilaldiaren antolatzaileek. Besteak beste, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko lehendakari Juan Carlos Gomez, Ibilaldiaren koordinatzaile Itziar Mañas eta Galdakaoko Eguzkibegi ikastolako lehendakari Mari Jose Arriandiagak eman zuten jaialdiaren xehetasunen berri.

Maiatzaren 31n ospatuko den Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen alde egiten den 31. edizioa izango da 1978an Uribe Kostako ikastolek lehen festa antolatu zutenetik. Izan ere, 1980tik aurrera, urteroko hitzordu bilakatu da euskaltzale guztientzat.

Eguzkibegi ikastola arduratu da aurtengo jaialdia antolatzeaz, eta horixe adierazi nahi izan dute ere leloan bertan: «Gerizpetik eguzki begire». Arkaitz Estiballes bertsolari galdakoztarrak asmatua da eta euskararen eta Eguzkibegi ikastolaren alde lan egin izan duen orori omenaldia egin nahi izan dio.

Egitarauarekin batera emandako informazioan azaltzen denez, lelo horrek duela hamarkada gutxi arte, euskararen alde edo ikastolak sortzean, Eguzkibegiren kasuan gertatzen den bezala, «gerizpean», legeari uko eginez lan egin behar izan zutela ere ekartzen du gogora eta egun, berriz, etorkizunari baikortasunez begira diezaieketela.

Izenburu hori bera du aurtengo Ibilaldirako Biok musika taldeak Estiballesen letrak oinarri hartuta egin duen kantuak. Rafa Rueda, Fer «Kuraia» eta Benito Lertxundik ere lagundu dute.

Bizkaiko Ikastolen Elkarteko lehendakari Juan Carlos Gomezek Ibilaldiak sortu zeneko arrazoiei eusten diela esan zuen, ikastolen hezkuntza proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko bitartekoak eskuratzea. Ildo horretan, Eguzkibegi ikastolako lehendakari Mari Jose Arriandiagak aurtengo edizioaren helburuak ikastola handitzeko eraikin berri bat egitea eta Galdakaon euskararen aldeko mugimendua suspertzea izan direla aipatu zuen. Gaur egun 683 ikasle ditu Eguzkibegik.

Arriandiagak logotiporako «Piku» izeneko mozoloa aukeratu dutela ere adierazi zuen. Galdakoztarrak izendatzeko mozolo ezizena erabili ohi delako erabaki zutela esan zuen.

Sukaldaritzari omenaldia

Itziar Mañanesek eman zuen Ibilaldiko ekitaldien berri. Goizeko bederatzi eta erdietan izango da 6 kilometro eta erdi dituen ibilbidearen irekiera ekitaldia. Ordezkari politikoak bilduko dira bertan eta, iragarri zutenez, Lakuako Hezkuntza sailburu Isabel Celaak ere bertan izango dela ziurtatu du. Era berean, Gasteizko Gobernuko eta beste instituzioetako ordezkariak ere, Bizkaiko Aldundikoak kasu, hurbilduko direla esan zuten.

Goizeko hamaika eta erdietan egingo dute Gandasegi aretoan eguneko beste ekitaldi garrantzitsuena. Jakitera eman zutenez, 1997. urtetik aurrera Bizkaiko Ikastolen Elkarteak gizarteko hainbat esparrutan euskararen eta euskal kulturaren zabalkundean lanean jardun duten lagunei gorazarre egin izan die urtero. Ikerketa, kirola, enpresa edo zuzenbide alorretan aritu diren pertsonak omendu izan dituzte, eta aurten sukaldaritza arlokoak omentzea erabaki dute. Beste askoren artean, Martin Berasategi eta Aitor Elizegi omenduko dituzte.

Ibilbideari dagokionez, Galdakaok orografia berezia duenez, tarteka aldaparen bat igo beharra egongo den arren, gozatzeko moduko bidea antolatu dutela azaldu zuten. Mañasek esan zuenez, ibilbidearen zati bat herri barrutik igaroko da eta gero mendirantz abiatuko da.

Bestalde, sei gune nagusi eta bi gune txiki izango direla adierazi zuen. Ume, gazte eta familientzako ekitaldiak antolatu dituztela azaldu zuen. Horien artean, 11.00etatik aurrera Elexalde izeneko seigarren gunean Bizkaiko herrien artean egingo diren Xiba jokoak dira aipagarrienetakoak.

Urtero legez, kontzertuek tarte zabala izango dute. Anje Duhalde, Biok, Sagarroi eta Esne Beltza arituko dira beste askoren artean. Umeentzako jolasak, Txan Magoa, pailazoak, bertsolariak, buruhandiak eta beste hainbat ekimen izango dira.

Antolatzaileek Galdakaora hurbiltzeko garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin zuten. Autobusak, metroa eta tren zerbitzu bereziak antolatu dituztela esan zuten. Hala ere, autoak uzteko aukera ere egongo da, Erletxeko industrialdean eta Bilbondo inguruan jarriko diren aparkalekuetan. Bertatik Galdakaora joateko autobus zerbitzuak jarri dituzte.

LAKUA

Hezkuntza sailburu berri Isabel Celaa Galdakaon izango dela adierazi zuten antolatzaileek. Lakuako Gobernuko beste hainbat ordezkarik eta beste instituzioetako zenbaitek ere hurbilduko direla esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo