GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Lander Garro idazlea

Bufoiaren hitzak

Ortuzar entzun genuen atzokoan, Espainiako Auzitegi Gorenak kaleratutako epaiak ezker abertzaleari biktimismorako beta emango ziola ohartaraziz. Begira zein zuhurrak diren: ez baita gauza bera biktima izatea eta biktimismoa egitea. Ortuzarrek, hitzen pisua, euren aldakortasuna ondo ezagutzen du, EITBn emandako denborak ondo irakatsi baitzion politikaren lokatzean armetan zorrotzenak direla. Egun batetik bestera aldatu zen EITBtik EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentziara, eta luzapenik gabe hasi zen ikasitakoa grinaz plazaratzen, morroien prestutasunaz. Eta ongi daki nor den arerioa. Ongi ezagutzen du. Ez gaitezen asalda, ez da gaurko kontua. Ajuria Eneko Itunaz geroztik, EAJk lagun naturalak ditu: demokratak. Eta arerio naturalak: biolentoak. Begira iezaiezue euren mitinetan trajez eta gorbataz jantzita, herriaren ordezkari ez, baina multinazional bateko goi kargudunak balira bezala. Trajea, ongi pentsatuta, garai bateko aristokraziaren gainjantzia eta koroa ordezkatzera dator. Klasea da, zainetako odol urdina bezala. Eurak dira aukeratuak. Francok esaten zuen bera Jainkoaren graziak aukeratua zela. Hauek ez dute esaten, baina berdin pentsatzen dute. Horregatik moldatzen dira horren ederki falangistekin: guztiak dira berezi, guztiak dira noble, eta guztiei sortzen die higuina herri xeheak, jendailak, la racaille.

Espainiako tribunalek gutxitan ematen diote herriari arrazoia, baina, tarteka, desmasiak horrenbestekoak direnez, beste erremediorik ez zaie gelditzen. Eta guztiok genekiena aitortzera datoz: EGIN injustiziaren biktima izan zela. Nobleziak, ordea, epaileen gainetik dagoen hark, ezin du isilik geratu. Ortuzar bufoiak hitz egin du haien izenean, eta, zalantzarik gabe, palazioan oparo txalotuko dute. Baita kuarteletan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo