Baztango ezker abertzalea Karlos Beristain Bereau
Polizia Baztanen nor babesteko? Herritarrei erasotzeko!
Ez Elizondon ez Baztanen, ez inon ere, ez da herritarrei eraso egiten dien poliziaren beharrik. Zorionak eman nahi ditugu kuartelaren kontra egindako ekimenengatik eta elkartasuna adierazi, eraso faxistak pairatutako guziei
Urte batzuk joan dira Elizondoko Santiago karrikan Foruzaingoaren komisaria edeki zenetik. 2006ko abenduan adostu zuten Nafarroako Gobernuak eta Baztango Udalak komisaria berri honen kokapena. 2007ko otsailean inauguratu zuten Baztan-Bidasoa eta Ultzama eskualdeko biztanleak zelatatzeko erabili den bulegoa. Orain 2010erako Foruzaingoaren kuartel berri bat egin nahi dute Elizondon. Egitasmo honen aitzinean, Baztango ezker abertzaleak hauxe adierazi nahi du:
1- Baztan bailara sobera militarizatuta dago eta polizia gehiago ekarri izanak orain arteko presio polizial zapaltzailea handitzea bertzerik ez du ekarri. Polizia gehiago ekarri izanak mehatxuak, isunak, jarraipenak, kontrolak, erasoak... errepresio forma guztiak handitu ditu. Foruzainak izan baitira gazte bat «viva españa» oihukatzera derrigortu dutenak. Foruzainak ere bertze bati ikur abertzale bat soinetik kenarazi diotenak, eta foruzainak berriz bestatik heldu zen gazte bat zanpatu dutenak. Foruzainek, guardia zibilek eta polizia nazionalek helburu bera dute, bertzeak bertze: gazteak kontrolpean izatea, izutzea eta desmobilizatzea.
2- Gazteek jasaten duten zapalketa bortitzaz gain, eraso faxistak handitu dira denean barna. Hainbat erakunde, herri ekimen zein pertsona arrunt (hain zuzen giza eskubide eta justizia sozialaren alde ari direnak) orain arte sekula ikusi ez den neurriko erasoa pairatzen ari dira. Erasotzaileek beren begi miran eta mehatxupean jarri dituzte etorkin, abertzale, errepublikar, kazetari, alkate, historialari, langile, zinegotzi eta abar. Azken erasoak Irurita eta Arraiozen izan dira, aitzinetik gutxienez Beran eta Donezteben. Ez da harritzekoa eraso faxista hauek orain eta inpunitate osoz gertatzea. Betitik eskutik hartuak ezagutu ditugu indar polizialak eta erasotzaile faxista inkontrolatuak. Kontrolatutako inkontrolatuak izan direlako erasoen egileak. Eta hemen inoiz baino polizia gehiago dugun honetan indartsu eta babestuta ikusten dute beren burua.
3.- Baztango udal gobernuaren eskariari segituz, Polizia foralak agertuz geroztik, ezker abertzaleak bere ezadostasuna agertu du. 2007ko otsaileko inaugurazio ekitaldian protestatzeagatik ezker abertzaleko hainbat militanteri isunak paratu zitzaizkien. Agerikoa da gure herrietara polizia gehiago ekartzeak arazo iturri gehiago ekartzea bertzerik ez dela. Deus konpondu ez eta gainera bizikidetza gaiztotu egiten baitute. Kuartelaren kontrako ekimenak astebeteko epean 700 sinadura bildu dituenean, udal agintariek jakin beharko lukete ezinezkoa dela horrelako proiektua herritarrei bizkarra emanez gauzatzea. Eta herritarren iritziaren kontra ez dela posible kuartel bat egiteko lurrak 30 urtez Nafarroako Gobernuari uztea.
Honengatik guztiarengatik ezker abertzaleak bat egiten du foruzainen kuartelaren kontra sortu den herri ekimenarekin. Garbi adieraziz, ez Elizondon ez Baztanen, ez inon ere, ez dela herritarrei erasotzen dien poliziaren beharrik. Zorionak eman nahi ditugu kuartelaren kontra egindako ekimenengatik eta elkartasuna adierazi eraso faxistak pairatutako guztiei, eta jakinarazi Baztango ezker abertzalearen babesa dutela eta izanen dutela hemendik aitzin ere.
Adierazpenarekin batera eskaera hauek egin nahi ditugu:
-Baztango Udala, eta hau zuzentzen duen NaBaiko udal taldeari, lehenbailehen abiatutako pausoetan gibelera egin dezan, herriarena den lur eremuaren zesioaren inguruan hartutako erabakia zuzendu eta herritarren artean sortutako kezka eta asaldura baretu dezala.
-Baztango UPNri, Estatu espainolak diseinatutako politika errepresiboaren betetzean duen arduraz hausnartu eta gibelera egin dezan.
-Baztango herritarrei mobilizatzen segitzeko eskatzen diegu. Eta parte hartu dezatela bidegabekeria berri hauen aitzinean eginen diren mobilizazio, agerraldi eta bertzelako ekimenetan.