Adin txikiko etorkinen zentroak integrazio lanetan eredugarri egin ditu Legorretarrak
Beste alor batzuetan ere izan daiteke, baina zalantzarik ez da bakarrik dauden adin txikiko etorkinen integrazioan adibide dela Legorreta. Ez zuten begi onez hartu Gipuzkoako Aldundiak harrera zentro bat herrian jarri nahi izatea, baina errealitateari aurre egin eta buru-belarri dihardute integrazioa helburu hartuta; «oso emaitza onekin, gainera».
Maider EIZMENDI
Aspaldian asko hitz egin da bakarrik dauden adin txikiko immigranteen inguruan eta kasurik gehientsuenetan, gainera, arazo iturri gisa. Hori dela eta, Legorretako Udalak iragan uztailean gaztetxoak jasotzeko zentro bat herrian jarri behar zutela jakin zuenean, ez zuen begi onez hartu albistea. «Herritar batek jakinarazi zigun Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoaren berri eta segituan hasi ginen batera eta bestera deitzen berria baieztatzeko», azaldu du herriko alkateak, Iñaki Oiarbidek.
Ez zebilen oker herritarra, proiektua martxan zegoen eta jada, adin txikiko etorkinak jasoko zituen etxea erostear zeuden. Hilabeteak pasa dira ordutik eta egindako bidean asko ikasi dute Udalean, baina argiro onartzen dute hasiera batean euren asmoa eta baita herriko hainbat eragilerena ere Aldundiaren proiektua eragoztea zela. «Gauza asko eta ez oso onak entzunak genituen gazte horien inguruan eta gurea bezalako herri txiki batean gisa honetako zentro bat jartzea ez genuen nahi», gogora ekarri du Mari Paz Garmendia zinegotziak. «Kontuan izan behar da -jarraitu du Garmendiak- Tolosatik kilometro gutxira gaudela eta bertan arazo handiak izan zirela adin txikiko etorkinen zentroarekin, baita Seguran ere».
Horregatik, batetik eta bestetik saiatu zen Udalak eta herriko eragileek eratutako taldea Legorretan zentroa jar zezaten eragozten. Aldiz, segituan jakin zuten «ez zegoela zer eginik».
Gogora ekarri dute zetorkien errealitate berriaren aurrean bi aukera zituztela: «Ezikusiarena egin eta gurean jarraitu, edota herrira ekarriko zituzten etorkinak ahalik eta gehien bertakotu zitezen saiatu». Eurek bigarrenaren aldeko apustua egin zuten eta hilabeteak pasata erabaki hura hartu izanaren batere damurik ez dute.
Immigranteen etorrera eragozteko inprobisatu zituzten bilkurek norabidea aldatu zuten eta BATA (Bakarrik dauden Adin Txikiko Atzerritarrak) taldea eratu zuten. Bertan Udaleko ordezkariek ez ezik, Gipuzkoako Aldundikoek eta Goiekikoek, Gain Eder zentroko arduradunek, Guraso Elkarteak, Ugaro herri eskolak eta Gazte Piku asanbladak parte hartzen dute. Atzo bertan aldiro egiten dituzten bilera izan zuten eta bertan azken asteotako martxaren errepasoa egin zuten. «Zentroko arduradunek euren egunerokoaren berri ematen digute egiten ditugun bileretan eta guk ahal den neurrian laguntzen diegu», azaldu dute udal ordezkariek.
Azaroaren hasieran hasi ziren gaztetxoak iristen eta egun Gain Eder etxean 16 eta 18 urte bitarteko hamar gazte bizi dira. Udaleko ordezkariek, aldiro egiten dituzten bileren bitartez, primeran ezagutzen dute zentroaren funtzionamendua. «Goizean denek ikasi egiten dute eta bazkalostean iristen dira etxera bueltan, batzuk lehenago gertuago ikasten dutelako eta besteak, aldiz, beranduxeago. Arratsaldean herrira jaisten dira KZgunera edota kiroldegira joateko, eta iluntzean ordua jarria dute zentrora itzultzeko», azaldu dute ezker abertzaleko ordezkariek.
Baina jarraipena egiteaz haratago, bilera hauen helburu behinena, gazteak herrian integra daitezen eman daitezkeen pausoak aztertzea da eta hori da, hain justu ere, Legorretako esperientziaren alderik aberatsena. «Beste herri batzuetan osatzen diren taldeak gazteen kontrolean jartzen dute arreta; guk herrira egin daitezen jartzen dugu indarra», nabarmendu dute.
Herriko jaietan presente
Orain arte izan duten esperientzia «oso positiboa» izan dela ohartarazi dute biek eta gazteak herritarrekin eta herriarekin duten jarrera ona dela nabarmendu dute. Hala, herrian antolatzen diren ekimenetan parte hartzen ari dira, esaterako, pasa berri diren jaietan. BATA elkarteak ere antolatu ditu azken boladan jaiak integrazioan laguntzeko. Ekimen horiei esker, harremanak indartzen ari dira. «Gazteek, jarrera ona ikusten dutenean, beste modu batean erantzuten dute. Hasieran gogoan daukat ia ezkutuan ibiltzen zirela kalean; orain, berriz, agerian ibiltzen dira eta herriko jendea ere agurtzen dute», adierazi du Garmendiak.
Gazteen jarrera leuntzearekin batera, ekimen hauekin guztiekin, nolabait herritarrek hasiera batean zuten beldurra ere apaltzen joan da pixkanaka: «Udazkenean egin genuen sentsibilizazio kanpainara ia ez zen herritarrik bertaratu, orain arreta gehiago agertzen dute eta antolatzen diren ekimenetan jende asko bertaratzen da». Hala ere, oraindik errezelo eta aurreiritziekin amaitzea ez dutela lortu onartu dute: «Herrian zerbait gertatzen denean denak jartzen dira etorkinen etxera begira».
Arazo handienak ematen dituzten gazteak zentro berezietan batzeko Aldundiak hartutako erabakiarekin, Legorretan dagoenaren pareko etxeetako elkarbizitzak hobera egin duela nabarmendu dute. Hala ere, Debakoaren moduko zentroak «erloju bonbak» direla eta arazo gehien dituzten gazteak pilatzeak ez duela euren integrazioan batere lagunduko onartzen dute.
Aurrerantzean duten erronka nagusia gazte hauek herrian ahalik eta gehien errotzen jarraitzea dela diote. «Ez dakigu zein neurritan lortuko dugun, baina saiatu saiatuko gara». Halaber, euren adibidea inork jarraitu nahi badu, bidea erakusteko prest agertu dira. «Ez dakigu etorkizunean zer gertatuko den, baina izandako esperientzia behintzat ona izan da eta ahalegintzeak merezi du», egin dute gonbitea.