GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Bigarren maila Realeko presidente Jokin Aperribayren prentsaurrekoa

«Ez da etorkizunari begira egoteko unea, igotzeko aukeran zentratzekoa baizik»

Igoera lortuz gero Lillok jarraituko duela eta Prieto ez dutela salduko esan zuen.

GARA | DONOSTIA

«Ez da datorren urteko planifikazioari buruz hitz egiteko unea. Oraindik Lehen Mailara igo gaitezke eta horretan zentratu behar dugu buru-belarri», izan zen atzo Jokin Aperribay Realeko presidenteak helarazi nahi izan zuen mezua. Izan ere, 2009/10 denboraldiari begira azkenaldian sorturiko zurrumurruei erantzuteko prentsaurrekoa eman zuen txuri-urdinen agintariak eta Lilloren eta jokalarien etorkizuna gerorako uzteko eskatu zuen.

«Lillo gurekin jarraitzeko moduan dago baldin eta Lehen Mailara igotzen bagara. Horrek ez du besterik esan nahi. Zer gertatzen den ikusi behar da. Galdera gehienetan datorren urtean Bigarren Mailan egongo garela ziurtzat jotzen da, baina oraindik ezin da horrela egin, igotzeko aukerak badaude-eta». Uruguaiko Martin Lasarte entrenatzailearekin Realak hitzarmenik sinatuta duenik ere ukatu nahi izan zuen Aperribayk, nahiz eta «baieztapen eta ezeztapenen jokoan» sartu nahi ez. Hala ere, Lasarte «pertsonalki» ezagutzen duela onartu zuen.

Xabi Prieto eta Riesgo

Bestetik, Aperribayk garbi utzi nahi izan zuen talde donostiarrak ez duela «ez Xabi Prieto ez Asier Riesgo saltzeko Athleticekin hitz egin». Horrenbestez, Iñaki Badiola presidente ohiaren webgunean azalduriko informazioa gezurtatu gura izan zuen. Horrez gain, Realak Xabi Prieto saltzeko «inolako asmorik» ez duela berretsi zuen txuri-urdinen presidenteak.

Azkenik, hurrengo denboraldiari begira lantaldea antolatzeko ardura Lorenzo Juarros kirol zuzendaria izaten ari dela nabarmendu zuen Aperribayk. Hori bai, balizko fitxaketen inguruan inolako lehentasunik finkatu gabe dagoela baieztatu zuen. «Kirol zuzendariak ditugun aukerak aipatzen ditu eta, alde eta kontrako baldintzak aztertu eta gero, erabakiko dugu berrikuntzarik behar den edo ez».

Lillo gabe, ezta Abreu ere

Sebastian Abreu aurrelariak bere aldetik, duela egun batzuk esandakoa berretsi zuen atzo; hau da, Juanma Lillok ez badu Realean jarraitzen, berak ere Donostiako taldea utziko du.

«Ni Realera etorri banaiz, beraren -Lilloren- bidez eta berari esker izan da. Bada, logikoa deritzot bera badoa ni ere joatea. Gainera, nire ustez, lan ona egin daiteke Lillorekin», esan zuen.

Martin Lasarte Uruguaiko teknikariaren inguruan, dena den, hitz onak izan zituen. «Elkarrekin izan ginen Defensor taldean 1994an eta liga irabazi genuen; bere laguntzailearekin batera ere egin dut lan. Lagunek beren ibilbidean gora egitea pozgarria da, baina horrek ez du nire iritzia aldatuko», adierazi zuen.

«maletinak»

Kezkaturik azaldu zen Aperribay taldeei eman dakieken isilpeko diru laguntzen inguruan. «Zurrumurruak beti daude, nahiz eta gero frogatzea zaila den». Berriro gerta ez dadin «neurriak» hartzeko eskatu zuen.

Abreuren logika

Hainbat zurrumurruren arabera Realeko entrenatzailea izango den Martin Lasarte ezagutu arren, Abreuk ez du iritzia aldatu. «Lilloren bitartez etorri naiz Realera eta bera badoa, logikoa deritzot ni ere joatea», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo