GARA > Idatzia > > Kirolak

KICK-BOXING Euskal Herria vs Frantzia

Aldarrikapena eta kirol ikuskizuna uztarturik

Hirugarren urtez, Euskal Herriko kick-boxing jokalariek nazioarteko neurketa bati ekingo diote, ESAITek antolatuta. Frantzia izango dute aurrean Bergaran.
p039_f02_111x111.jpg

Amaia U. LASAGABASTER | BERGARA

Ohitura bilakatzen ari denari jarraituta, nazioarteko neurketa dute zain Euskal Herriko kick-boxing jokalariek, ESAITek hirugarren urtez jarraian antolatu duen jaialdian.

Bergarak hartuko du aurten -datorren larunbatean, maiatzak 30, 18.30etik aurrera-, Villabona eta Oiartzunen lekukoa, bertako alkate Agurne Barrusoren esanetan, hartu beharreko aukera baita herriarentzat. «Bi arrazoi daude. Alde batetik, herriko jaien barruan, ohiko jarduerei gauza berri bat gaineratzea. Eta bestetik, eta batez ere, Bergarako Udal Gobernuak ideologikoki ESAITen lanarekin bat egiten duenez, kolaborazio konkretu bat eskaintzea. Horregatik, gonbidapen bikoitza egiten diogu jendeari: bata, kick-boxing neurketarekin berarekin gozatzeko gonbita eta, bestea, horrek aldarrikatzeko ematen digun aukera aprobetxatzea».

Antzeko diskurtsoa egin zuen Martxel Toledo ESAITeko kideak. «Kirolarekin disfrutatzeko eta euskal selekzio ofizialen beharra aldarrikatzeko aukera eskaintzen digu», nabarmendu zuen, aurreko neurketa biek -Villabonan, Kataluniaren aurka, eta Oiartzunen, Espainiaren aurka- izandako arrakasta bera izango duelakoan.

Kirol arloari dagokionez, sei kirolari arituko dira nazio bakoitzeko: Javi Erdozain, Ander Asurmendi, Andoni Basate, Iñigo Ezeizabarrena, Itziar Onaindi eta Stephane Susperregi euskaldunak eta Julien Braganti, Hlali Azize, Arianne Soletina, Laurent Goupil, Oleg Lacroix eta Bechard Laporte frantziarrak. Ildo honetan, emakumeen parte hartzea nabarmendu nahi izan zuten antolatzaileek. «Ikuspegi nazionala dugula esatean -azaldu zuen Toledok- barnean hartzen ditugu kirolari guztiak, bai herrialdeei dagokienez, baita sexuari dagokionez ere. Eta, horregatik, pozik gaude kirol honetan ere emakumezkoen ordezkapena izateagatik».

Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko neurketa Bergarako zezen-plazan -euria eginez gero, frontoian- gauzatuko da larunbatean, 18.30etik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo