Sanferminetako aireak aurreratu ditu Josetxo Goia-Aribek «Jamalandruki Orkestra» lanean
Instrumentu harmonikorik gabe eta boskotean, tronpeta, tronboi, tuba eta perkusioa ditu lagun Goia-Aribe nafarraren saxofoiak, txikitan hunkitu zuen «Jamalandruki» aztia omentzen duen seigarren lanean.
Anartz BILBAO | BILBO
Tradizioaren soka apurtzeko borondatez sortuak, kamera formatuan eta guztiz akustikoa den lana plazaratu berri du Josetxo Goia Aribe (Doneztebe, 1959) saxofoi-jotzaile eta musika irakasleak.
Ausardiaz, arriskuak hartu eta apustu nagusiak egin ohi ditu Josetxo Goia-Aribek, beti ere tradizioa oinarri hartuta. Aurreko lanean, «Los pendientes de la reina» (Errabal, 2007), hiru emakumeren laguntza nagusia izan zuen. Honakoan, harmonia ausartekin, garaikide eta ezohiko, sanferminetako aireak biltzen ditu Goia-Aribek, fandango, pasodoble, prozesio martxa, mutil dantza... eta boskotean eman. Maisu nafarraren saxofoiarekin batera, David Herrington (tronpeta), Marko Bellizi (tronboia), Luis Orduña (tuba), Guillermo McGill (perkusioa) musikariek jo dute bertan. Diskoa hamahiru kantuk osatzen dute eta «La luna y el toro» izan ezik, bereak ditu beste guztiak: «Urdin Txuri», «Anaitasuna», «Jamalandruki»...
Udan zuzenean ere aurkeztuko dute lana, ekainaren 27an Vigoko Jazz jaialdian, eta abuztuaren 14an Tuterako Castel Ruizen.
Azti txundigarria
Ricardo Rebolledo Zubiarrain (1934-1988) iruinsemearen ezizena zen «Jamalandruki». Azti edo magia egilea zen, Nafarroan herririk herri ibili ohi zena. Josetxo haurra zela txunditurik uzten zuen, eta doneztebearrak omenaldi xumea eskaini nahi izan dio orain, lanari «Jamalandruki Orkestra» izena jarrita.