Aizkora Desafioa
Otaegi eta Aizpuru apustua jokatzeko prest daude
Zizurkildarra eta nuarbetarra igande eguerdian neurtuko dira Azpeitiko zezen-plazan.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Joseba Otaegi eta Josu Aizpuru neurtuko dira igandean Azpeitiko zezen-plazan. Apustua otsailaren amaieran sinatu zuten, eta aizkolari bakoitzak zortzi kana-erdiko eta lau oinbiko erdibitu beharko ditu. Enborrak erdibana eramango dituzte, eta alde bakoitzak 3.000 euro ditu jokoan. Desafioa 12.00etatik aurrera jokatuko da.
Otaegirentzat bigarren apustua izango da hau. Aurrekoa orain dela urte eta erdi jokatu zuen, eta orduan Rekondo izan zuen aurrez aurre, eta irabazi egin zuen. Aizpuruk, aldiz, bere lehen desafioa izango du.
Bien artean bada beste ezberdintasun bat ere. Otaegi egungo Euskal Herriko Bigarren Mailako txapelduna da, Aizpuru, aldiz, orain arte, behin bakarrik aritu da plazan.
Prestakuntzarekin, ordea, gustura agertzen dira biak: «Ongi nago. Lan asko egin dugu, eta etxeko lana egiten baldin badut, badakit saio ona egingo dudala», esan du Otaegik. Aizpuruk ere ez dauka aitzakiarik: «Ustez entrenamendu onak egin ditugu, gustura geratu naiz, eta ez daukat inongo aitzakiarik», esan du.
Beti esaten da apustuetan txapelketetan baino askoz ere presio handiagoa izaten dela. Otaegirentzat hau bigarrena da, eta aurrekoa baino lasaiago hartu du: «Beti nabaritzen da lehiaketa batean baino presio handiagoa dagoela, baina lehen ere trantze honetatik pasata nago, eta oraingoan lasaiago nabil. Rekondoren aurkakoan nire burua dezente estutu nuen. Orain badakit apustu mundua zer den, eta lasaiago hartzen saiatu naiz», azaldu du zizurkildarrak.
Nuarbetarrak bere lehen apustua du, baina hau ere lasai hartzen saiatu da: «Egia esan, ni nire lanean aritu naiz buru-belarri entrenatu eta entrenatu. Gero, hortik kanpo ahalegindu naiz jendearengandik apur bat aldentzen, eta baita beste gauzekin pentsatzen ere, ahalik eta lasaien egoteko. Ez dakit igandean nola egongo naizen, baina oraingoz nahiko lasai nago», esan du nuarbetarrak.
Aizpuruk desafioa Otaegiri botatzeak ezustean harrapatu zituen zaleak. Nuarbetarrak berak argitu zuen horren nondik norakoa: «Ikusten nuen ongi prestatuta aizkoran egin nezakeela, eta apustu bat jokatu ere bai. Nire adin ingurukoan Otaegi ikusten nuen onentsuenetakoa. Bera aizkolari handi bat da, eta dagoen lekura ez da kasualitatez heldu, baina nik nire burua probatu nahi nuen, eta hortik etorri zen desafioa», azaldu du Josuk.
Otaegik bere buruagan konfiantza handia du, baina Aizpuru ez du batere ezagutzen, eta horrek kezka apur bat sortzen dio: «Hori da bihurrikeria. Ez dugu inork ezagutzen, eta ez dakigu nolakoa den. Behin atera da plazara eta erreferentzia hori dago, baina horrek ere ez du askorako balio», esan du.
Zizurkildarra aterako da faborito, baina berari horrek ez dio presio handirik egiten: «Ez, ez batere ez. Azkenean berak bota dit niri desafioa, eta ez dut uste nik joan behar dudanik presionatuta», esan du.
Zaleen ustez, berriz, Aizpuruk galtzeko gutxi omen dauka, baina nuarbetarrak ere ez ditu gauzak horrela ikusten: «Bera Bigarren Mailako Euskal Herriko txapelduna da, Lehen Mailan arituko da aurten, eta agian horrek niri baino presio apur bat gehiago emango dio, baina ez da ahaztu behar desafioa nik bota niola, beraz, nik ere badut galtzekorik», aitortu du Josuk.
Egin beharreko lan guztia egina dute, hemendik aurrera atseden hartu besterik ez zaie geratzen, Azpeitiko zezen-plazan, igandean 12.00etatik aurrera jokatuko den zitara ahalik eta ongien heltzeko.
Aizkolari bakoitzak bina laguntzaile eraman ditzake, eta biek erabakita dituzte zeintzuk izango diren. Otaegik Rekondoren aurkako apustura eraman zituen berak eramango ditu, Agite eta Iriarte, alegia. Aizpuruk ere ez ditu eskarmenturik gabekoak izango alboan, Arria II.a eta Aranburu arituko baitira berari laguntzen. Ikuskizuna, beraz prest dago, gazte hauek duten guztia emango baitute.
Kirolari bakoitzak zortzi enbor kana-erdiko eta lau oinbiko erdibitu beharko ditu, eta alde bakoitzak 3.000 euro ditu jokoan.
Igandeko aizkora apustu honek ikusmin handia piztu du, eta Azpeitiko zezen-plazak itxura bikaina izango du. Zaleek jende gaztea ikusi nahi dute, eta horrekin batera baita berriak ere, eta aukera biak izango dituzte Azpeitian. Alde batetik, bi gazte arituko dira elkarren aurka, eta bestetik, horietako bat, Aizpurua, berria da.
Bi aizkolariak kontu horren berri badute: «Egia esan, zalaparta dezentea dago. Ni Zizurkilen bizi naiz, eta hemen ere nabaritzen da, baina behin Azpeitia aldera joanda, berriz, asko, baina baita bertara joan gabe ere. Nire aita Goiazkoa da, eta bertara joaten naizenean ere asko nabaritzen da,», esan du Joseba Otaegik.
Josu Aizpuruk ere zurrumurruak entzun ditu, baina hortik aldendu egin nahi izan du:«Kontuak entzuten dira, baina aurrez esan bezala, ni saiatu naiz apur bat hortik irteten, nire burua lasai eramateko, baina badakit kontu dezente dabilela», esan du Nuarbeko aizkolariak. Biei, ordea, ilusioa egingo lieke plaza bete samar ikusteak: «Nik uste dut guretzat polita izango litzatekeela plazara atera eta jende asko ikustea. Apusturako ona da, baina baita aizkorarentzat ere», onartu du Josebak.
Aizpuru ere iritzi berekoa da: «Garbi dago jendeak erantzuten badu, guretzat ere pizgarria izango dela, eta orokorrean aizkolaritza munduarentzat ere ona izango da, jendeak erantzuten baldin badu», adierazi du Josuk.
Bi gazte hauen arteko apustua aurten jokatzen den bigarrena izango da. Aurrekoa martxoan jokatu zen, eta orduan Zubizarreta eta Txikon neurtu ziren. Beste bat ere badago hitzartua, eta hori udazkenean, azaroaren 8an, izango da Tolosako zezen-plazan, eta han Larretxea eta Mindegia neurtuko dira. Oraingoz ez da besterik, baina agian besteren bat ere izan daiteke.