GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Diskoen hilzoria

 


Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Zertarako behar ditugu diskoak? Inoiz galdetu al diozu zure buruari? Bada, ez dakit, nahiz eta zeregin batzuk burura etorri; bilduma zaletasun obsesiboa baretzeko modua, hitz egiteko zerbait izatekoa, noizbehinka gure alde «snob» hori lotsatu gabe azalerazteko era, iloben aurrean osaba modernoarena egiteko aitzakia, autoestimua elikatzeko bidea....

Probatu al dituzu? Guztiak dira diskoez eta diskoekin disfrutatzeko modu praktiko eta plazerrezkoak. Baina, guztiak probatuta ere, gero eta ozenago sortzen zaidan galdera da: zertarako behar ditugu gaur egun diskoak?

Egia da ohitu egin garela CDz inguratuta bizitzen. Musika, filmak, argazkiak, dokumentuak... guztia diskoratzen dugu. Disko mordo bat ditu inguruan baita sekula musika eskuratzeko grina eduki ez duenak ere. Hainbeste ohitu gara CD-ak topatzen baititugu leku guztietan: baratzetan, txoriak uxatzeko, kalean, bizimodu txukunago baten alde egiteko, supermerkatuan, esne gaingabetuarekin batera, eroslea limurtzeko, ikastetxeetan, eduki ukaezinak transmititzeko... CDa bihurtu da azken urtetako euskarririk nagusiena, guztiahalduna, ekidinezina. Nazkatzeraino.

Baina bukatu da. Ez eztabaidatu mesedez, CDa bukatu da. Eta gezurretan ari dira musika hilzorian dagoela esaten dutenak, musikaren zoria CDaren zoriari lotzen diotenak. CD-a da eta ez musika zaletasuna hilda dagoena, lurperatu dezagun CDa eta kito. Musika ezagutu eta ezagutzera eman, musika konpartitu eta gozatu, musika egin eta zabaldu. Horixe egiteko nahitaezkoa al da diskoa? Ezezkoan nago. Industriak behar du disko moduren bat, SGAEk behar du disko moduren bat, dendek behar dute disko moduren bat. Zaleok behar al dugu disko moduren bat?

Negozioa eta musika zaletasuna eskutik hartuta joan dira mende hasieran arbelezko diskoak asmatu zirenetik, baina ez al litzateke berri ona bi horien arteko harremana pitzatzen ari dela jakitea? Noraino ez dakit. Industriak topatuko du beste moduren bat negozioa egiten jarraitzeko, nahiz eta inoizko atakarik larrienean egon. Diskoen (binilo, kasete....) maitale erromantikook topatuko dugu bideren bat gure zaletasuna asetzeko, jende egoskorra gara, egon ziur.

Guk geure moduak landu behar ditugu musika egin eta ezagutarazteko. Irudimena da zorroztu behar duguna. Inoizko tresnarik indartsuenak ditugu aldaketa gauzatzeko. Zer gertatuko da musikaren dohainek formatutik harantzago doazela aldarrikatzen badugu? Ezer ere ez, betikoa, azkenean musika ona, ahal dugun onena, egiten jarraitu beharko dugula. Beldurrik bai horri?

Ficha

Lugar: Sala Jimmy Jazz de Gasteiz

(calle Coronación, 4).

Fecha: Miércoles 3 de junio.

Precio: 25 euros.

Hora: 21.00.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo