GARA > Idatzia > > Ekonomia

Crónica | Greba EAE-ko eskola publikoetako jantokian

Lana ondo egin ahal izateko eta sektorea duintzeko borrokan

Milaka haurrek bazkaltzen dute egunero EAE-ko eskola publikoe- tako jangeletan. Atzo, eguerdiko tartean, haiekin egoten diren 5.000 langileen %90ek, emakumeak ia denak, greba egin eta kalera atera ziren euren sektorearen duintasuna eta lanerako baldintza hobeak lortzeko.

p028_f01_097x124.jpg

Amaia ZURUTUZA

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako milaka neskato eta mutikok, bi urtekoak batzuk eta hamalaukoak beste batzuk, bazkaltzen dute egunero ehunka eskola publikotako jangeletan. Gutxi batzuk etxera joaten dira, baina gehiengoa gelatik atera eta dagokien txandaren arabera zuzenean bazkaltzera edota jolastokira abiatzen dira.

Ume eta ez hain umeekin 5.000 langile inguru aritzen dira egunero; jana banatu, janarazi edo jaten erakutsi, euren artean sortzen diren gatazkak konpondu, eta, finean, ume horien heziketan esku hartzen dute. Atzo, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, greba egin zuten langile horien %90ek. Hirugarren greba eguna izan da hau gainera, joan den apirilaren 21 eta 23an ere ez baitzuten lanik egin. Hurrengo asterako ere, astearte eta ostegunerako, lanuzteak dituzte deituta.

Greba langileek aldarrikapenak zabaldu edo helburuak lortzeko duten tresna izanik, eskaera argiak dituzte EAEko eskola publikoetako jangeletako langileek. Beatriz Goñi LABeko delegatuak Donostian egindako protestan azaldu zion GARAri gaur egun aldarrikapen nagusia, «negoziazio prozesu serio bat» lortzea dela. Izan ere, apirilean langileen %90ek bi greba egun egin ostean Lakuako Gobernuaren aldetik ez dute inolako erantzunik jaso. «Ia egunero deitzen diegu, baina beti aitzakiaren batekin erantzuten digute», esan zigun Goñik, «agian hori da gogorrena guretzat». «Gurekin eseri behar dira eta eskatzen dugunarekin zerbait adostu enpresak behartzeko».

Lakuaren ardura

Sektore publikoen alorraz ari bagara ere, jangelak kudeatzen dituzten enpresak Lakuak kontrataturiko talde pribatuak dira, zazpi guztira hiru probintziatan. Goñik Lakuaren ardura nabarmendu zuen: «Eusko Jaurlaritzak du ardura handiena, berari dagozkion lanak esku pribatuetan uzten dituelako; sektore askotan gertatzen da hori». Kudeaketa lanean dabiltzan enpresek, berriz, Gastronómica Cantábrica, Eurest, Gastronomía Baska, Cocina Central Goñi, Auzo Lagun, Cocina Central Magui eta Tamar, Goñik azaldu zigunez, erdian daudela eta gatazka euren kontua ez dela diote.

Aste honetan, ordea, greba deialdiaren atarian, gutuna bidali diete langile guztiei enpresa hauek, besteak beste, sindikatuen deialdiaren inguruan honako adieraziz: «Geure buruari galdetzen diogu ez ote den nahi fronte hau irekita mantendu eta ez ote dagoen ezer ez adosteko borondaterik».

Baina eskaerak mahai gainean dituzte langileek. «Hezkuntza saileko langileekin parekatu nahi dugula kaleratu da, soldataren arazoa bakarrik balitz bezala eta ez da hori bakarrik», azaldu zuen Goñik. Zer nahi dute, bada? Atzo greba egunaren harira, Donostian ehunka langilek, jangelako bata zuriak soinean, egin zuten mobilizazioan azaldu zioten langileek egunkari honi zer eskatzen duten.

Donostiako Amara auzoko Ikasbide eskolako jangelako langile batek formazio beharra dagoela nabarmendu zuen. «Gure lanean gauza asko egin behar ditugu, umeei janaria banatu, jaten erakutsi, jolastokian beraiekin egon, arazoak konpondu...». Goñik ere esan zuen, «gure lana heziketa da ez gara kamarerak». Formazioa da beraz, duten eskaeretako bat.

Aldarrikapenak

Ratioen, hots, langile bakoitzak bere gain dituen ume kopuruen kontua ere aipatzen dute. Astigarragako eskolako langile batek ratioak murriztu beharra dagoela nabarmendu zuen. «Bakoitzak haur pila bat dugu gure ardurapean. Haur txiki askok ez dute jaten ahora ematen ez badiezu eta ez duzu denborarik erakusteko».

Lanaldiak ere aldarrikapenen artean daude. Batetik gutxieneko jardunaldi bat eskatzen dute, egunean bi ordukoa, badira-eta astean soilik hiru egunetan lan egiten dutenak, edota egunean ordu eta erdi. Bestetik, lanaldien luzapena da eskaera nagusia. Donostiako Jakintza eskolako langile baten hitzetan, «ordu erdi gehiago eskatzen dugu, oinarrizkoa delako fitxak betetzeko, gurasoei umeei buruzko informazioa emateko, edo irakasleekin hitz egin eta koordinatzeko».

Eskoletako jangeletako langileen izaera eta baldintzak Hezkuntza alorreko langileekin parekatzea; langileen formazioa; egunean bi orduko lanaldi minimoak eta ordu erdiko luzapena kasu askotan euren lanari lotuta dauden zereginak egin ahal izateko. Horiexek dira, besteak beste, langileen ordezkari diren sindikatuek aldarrikatzen dutena. Beti ere negoziatzeko prest daudela azaldu zuen Goñik, «ez gaude itxita».

Astigarragako langile batek umeei merezi duten arreta eman nahi dietela azaldu zuen, eta eskatzen dutena «azken finean, lana ondo egin ahal izateko» eskatzen dutela.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo