GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

PSko kideek mezu argia igorri dute Baionan: «Bozka gaitzazue!»

p004_f02_199x96.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Martine Aubry PSko buruak Estatu osoko militanteei «boza mobilizatzera» egin deiari ongi erantzun zion, atzo Baionan, Pirinio Atlantikoetako federazio sozialistak. Frederique Espagnac-ek Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko zenbait alderdikide eta hautetsiekin batera, «hauteskunde kanpainak abian jartzeko dituen zailtasunak begi-bista-koak» direla aitortu zuen. Inkestek sozialistentzat iragartzen dituzten aurreikuspenek (botoen %20 baino gutxiago) izan zuten, seguru asko, zerikusirik mezuaren irmotasunarekin.

Hego-mendebaldeko barrutian, laugarren hautagaiaren esanetan, herritarrek «uste okerra dute Europako bozek garrantzirik edo eraginik ez dutela pentsatzean». Izan ere, «Estatu frantsesean onartzen diren le-geen %70 Europar Batasunetik eratorritako zuzentarauetan dute oinarri», gaineratu zuen.

Ezkerra, lehen taldea

Egungo krisia aipatuta, «Europa ultraliberalari» aurre egitea «ezinbestekotzat» jo zuen, eta horretarako sozialistak gehiengoa lortu behar dutela nabarmendu zuen: «Egun bigarren taldea gara EBn. 300 diputatu erdietsi behar ditugu lehena izateko eta 27 alderdi sozialistak dugun proiektua bideratzeko».

Enpresetan enplegua mantentzeko, «mugaz gaindiko» hartu-emanak sendotzeko, babes soziala iraunarazteko, bestelako nekazaritza politika komuna ezartzeko eta tokian-tokiko garapena bermatzeko, erabiliko lukete gehiengo hori.

Herritarrei bozkatzera joan daitezen eginiko deialdi irmoenetakoa Sylviane Alaux Akitaniako kontseilariarena izan zen. «Abstentzioa bultzatzen dutenak, noren kontra ari dira?», galdetu zuen, jarrera horrek «haserrea» sortzen diola azalduta. «Abstentzioa ekintza arduragabea da, ez `zibikoa' askok saldu nahi duten moduan», esan zuen ziburutarrak herritarrak «eskubideez gain, betebeharrak ere -horien artean gizarte erabakietan parte hartzea-» badituztela argitu ostean.

Kotte Ezenarrok, berriz, Txingudiko partzuergoaren bultzatzaileetakoa izaki, «mugaz gaindiko elkarlanaren erronka» aipatu zuen bereziki. Elkarlan hori «emankorragoa» izango dela-koan dago, hautetsi hendaiarra Rousset eta Lopez lehendakari berria sozialistak direlako.

Jerôme Aguerre Baionako zinegotziaren ustez, «akatsa da Europa teknokratez osaturiko erakunde hutsa» dela pentsatzea, finean, «bertako funtsei esker proiektu anitz gauzatu direlako Euskal Herrian ere». Ekainaren 2an, 20.00etan, Paueko Jai-Alain izango dute mitin nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo