GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Joseba I. Ouviña «Xaguzar» LABeko delegatua

Identitatea delako hori

Lopezek Ibarretxe Lehendakaritzan ordezkatu zueneko gauean ETBko «Firin-faran» saiora gonbidatutako lagunak berritsu samar agertu ziren. Ez dakit nola gertatu zen, oharkabean harrapatu ninduen, baina solasaldi bizia labaindu zen nire arreta erakarri zuen gai baten aldera: auzi identitarioa. Beste behin nahasmena nagusitu zen; «galduta nago» zioten aitormenak ere entzun ahal izan nituen. Euskal Herrian ez beste herri guztietan ez dut uste parekorik gertatzen denik.

Gure artean bolo-bolo dabilen esamoldea, higuingarria eta mingotsa suertatzen zaidan leloa, ez zen berandu jalki: «Euskalduna sentitzen naiz». Hau hemen baino ez dugu entzungo. Girona, Albacete edo Pekinera joango bagina, nola (nongoak) sentitzen diren galdetzera, aho bete hortz geratuko lirateke. Gaizki, gaixo, ongi, baikor, baita garaiago edo gizenago ere sentitu gaitezke, baina badira gauzak edo aditzak horrela jokatu ezin ditugunak. Den-denak badu izena eta izena duenak bada; hortaz, euskalduna naiz ala ez naiz, eta kito! Bestelako gauza da euskal identitateari norberak eman diezaiokeen edukia, azalpena, eta hor bai, nahi adina interpretazio ager litezke, 500 urteko kolonizazioa ez da alferrikakoa izan! Gure artean, zer garen adierazteko halako esamoldeak erabiltzea gaitz larri baten seinale argia da, gutxiagotasun-konplexua akaso.

Bide okerretatik ihesean zebilen eztabaidan, PSOEko militante baten adierazpen bat nabarmendu zen: «Ni ere euskalduna naiz eta gustura sentitzen naiz hemen nire identitatearekin». Niri «gustura» horrek ziztada mingarria eman zidan barrenez barren. Bere erosotasuna euskaldun askoren ezinegonaren tamainakoa da. Hemen garen hiritar guztiok, kalekume edo baserritarrak, langabe, langile edo enpresaburuak, etorkin zein indigenok, Euskal Herrian bizi gara, nor bere nortasun, nahi, gabezia eta ametsekin; baina guztiok batzuek gogoko duten marko juridiko-politikoarekin. Berau aldatzeko inolako baliabiderik eskaintzen ez dituen markoa, beste guztiok itota gauzkan legedia, alegia. Eta hor dago nire ezinegonaren iturria.

Gau horretan bertan lehendakari berriak esaten zigun aldaketak askatasuna ekarriko duela. Uste dut aurrerantzean askatasunaren kontzeptua identitatearena bezain korapilatsua bihurtuko zaigula. Dagoeneko galduta nago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo