GARA > Idatzia > > Kultura

Aipagarriak

Munduari irekitako albistari digital berri bat, euskara hutsean

Hilabetez frogak egiten aritu ostean, «Zu zeu» albistari digitalak atzo hasi zuen bere ibilbidea. Internet bidezko lehenengo zuzeneko prentsaurrekoa baliatu zuten Hasier Etxeberria eta Mikel Lasa editoreek agerkari digital berriaren nondik norakoak azaltzeko. Beren xedea euskarari sarean dagokion tokia bilatzea izango da eta, helburua eraikitzeko, irakurleak informatzaile bihurtuko dituzte. Munduari begirako leiho berria zabalik dago.

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Aspaldidanik bidaiatzen du euskarak Interneteko sarean, baina gutxi batzuk besterik ez dira euskara hutsezko informazioa eskaintzen dutenak eta, are gutxiago, informatzaile zuzena irakurlearengan bilatzen dutenak. Xoraturikan irabazi nahirik gabeko enpresak bultzatuta, www.zuzeu.com web orrialdea abian jarri zen atzo, euskara hutsezko albistari digital berria, hain zuzen. Hilabetez froga eta saiakerak egiten aritu ostean, atzo abiatu zen ofizialki bere jardunean eta, horretarako, zuzeneko prentsaurrekoa baliatu zuten, hori bai, Internet bidez.

Hasier Etxeberria eta Mikel Lasa editoreek egin zituzten aurkezpen lanak, eta etorkizunerako itxaropentsu agertu ziren biak ala biak. «Hilabete eman dugu frogak egiten eta dagoeneko erabiltzaileen komunitate bat sortu dugu. Aurrerantzean talde hori gero eta handiagoa izatea nahi genuke», azaldu zuten. Etxeberriaren irudiko, «garai `pantailagrueliko' bat bizi dugu. Pantailak toki guztietan ageri dira. Horrez gain, kontuan izan da azken urteetan kazetaritzan gertatzen ari den eztabaidarik sakonena bere etorkizunaren ingurukoa dela, euskararen geroa pantailen mundu horretan zein izango litzatekeen pentsatu genuen. Konturatu ginen ez zela nahi bezain handia, eta hura izan zen albistari berri hori sortzeko abiapuntuetako bat», agertu zuen editoreak.

Irakurlea sortzaile

Ohiko komunikabideetatik urrun, «Zu zeu»-k elkarrekintza bultzako du irakurleen artean. «Ahalik eta kalitate handieneko informazioa» eskaintzeko helburuarekin, erredakzio bat osatu dute, baina albistariaren gakoa irakurleengan egongo dela ohartarazi zuten. Horrela, hiru kategoriatan banatuta -«Zuzeulariak», «Begiraleak» eta «Gugeulariak»-, bisitariak izango dira web orrialdea elikatuko dutenak. «Nor bere blogean aritu beharrean, nor bere zokoan, elkarlanean ariko gara», azaldu zuen. «Denok bihurtzen gara erabiltzaile, ekoizle eta irakurle», gaineratu zuen. Izan ere, komunitatearen lanetik abiatzen da «Zu zeu»-ren erabilera. Oraingoz ehun kolaboratzaile inguruk parte hartzen dute Interneteko ataria hornitzen, baina aurrerantzean gehiago izatea espero dute.

Finantzaketari dagokionez, Xoraturikan enpresa irabazi asmorik gabeko elkartea da eta dirua «bilatu» egin behar dela ohartarazi zuten Etxeberriak eta Lasak. Oraingoz Lasarten finkatu dute grabaketetarako egoitza eta urtebeteko epea ezarri dute lehenengo emaitzen balorazioak zehazteko.

«Erreminta bat badugu -Interneta eta web orrialde berria-, arrazoi bat ere badugu -euskarak izan dezala toki zabalago eta definituago bat sarean-. Beraz, hortik abiatuta, kalitaterik handieneko informazioa eskaintzen saiatuko gara eta munduari begira dagoen leiho berri bat zabalduko dugu», gaineratu zuen Etxeberriak.

 
ABIAPUNTUA

«Konturatu ginen euskarak pantailen munduan zeukan tokia ez zela nahi bezain handia, eta hura izan zen albistari berri hau sortzeko abiapuntuetako bat», esan zuen Etxeberriak.

BI NORABIDEETAN

«2.0 ingurune batean gaude. Irakurlea ez da pasiboa; ez dago albistea sortzen duen bat eta irakurtzen duen beste bat. Gezia bi norabideetan mugitzen da. Irakurlea da sorkuntza lanak egiten dituena», azaldu zuen Lasak.

Albisteetatik harago, aukera ugari zabaldu dituzte erabiltzaileentzat

Nahiz eta Interneteko hainbat komunitate eta blogetan estekak, RSS jarioak eta beste hainbat erabilera nahiko ezagunak diren dagoeneko, albistari digitaletan oraindik ez dira hain erabiliak, ez guztietan behintzat. «Ez dugu soilik gure erabiltzaileek sortutako informazioa metatu nahi», esan zuen Mikel Lasak, «munduan zehar idatzi eta jasotzen dena ere geurera ekarri nahi dugu eta gero eta aberastasun gehiago lortu».

Horrela, egunkari batera baino, blog baten funtzionamendura gehiago hurbiltzen dela gehitu zuen. Erabiltzaileek, gainera, pertsonalizatzeko aukera izango dute: «Informazioa ondoen datorkion bezala jarrai dezake. Sortzaile bakoitzak bere jarioa du, beraz, Facebook-en bidez, Twitter-en bitartez edo RSS jarioarekin informa daiteke».A. K.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo