GARA > Idatzia > > Kultura

Aipagarriak

«Etxetik» egindako bertso saio berezia, «Argia»ren 90. urteurrena ospatzeko

A. A. | DONOSTIA

“Argia” astekariak bertso saio berezi bat antolatu du euskal prentsan 90 urte bete dituela ospatzeko, urtean zehar egiten ari diren ekitaldien baitan. Saio hau datorren larunbatean, ekainaren 6an, izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, arratsaldeko zortzietan.

Estitxu Eizagirre erredakzio buruak azaldu zuenez, «‘Argia’k betidanik irakurleekin izan duen harreman estu hori dela-eta, etxetik egin nahi izan dugu dena. Horregatik ‘Argia’ko sinadura diren bertsolariek jarriko dute ahotsa». Horrenbestez, kantuan arituko direnak Iñaki Murua eta Andoni Egaña iritzi-emaileak; Sustrai Colina eta Uxue Alberdi elkarrizketatzaileak; Xabi Paya bertso idazlea; eta Amets Arzallus bidaia kronikalaria izango dira, eta Estitxu Eizagirre arituko da gai jartzaile. «Gaiak ere erredakzioan prestatu ditugu», azaldu zuen. Xabier Letona astekariko zuzendariak adierazi zuen «etorkizunean ere komunikazio proiektu independentea izateko asmoa» dutela.

Bestalde, 1919an argitaratutako lehenengo aletik bertso idatziak argitaratu izan ditu astero “Argia”k. Horien artean, onenen aukeraketa bat egin dute, eta musikatuta eskainiko dituzte Eñaut Agirre, Imanol Kamio eta Aitor Atxegak. Astekariko harpidedunek doan izango dute sarrera, baina erreserba egin beharko dute “Argia”ko webgunean edo telefonoz deituta. Gainerakoentzat hamar euro balioko du eta Kutxan eta Victoria Eugeniako leihatilan eskura daitezke sarrerak.  

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo