Isiltzea, errepresiozko jazarpenaren mesedegarri
Ohikoak dira atxilotuei polizia indarrek beraiekin elkarlanean aritzeko eskaeren salaketak. Gero eta ohikoagoak, halaber, epailearen atxilotze-agindurik gabe eskaera bera egitea. Lander Fernandez preso ohiak salatutako bahiketa, mehatxuak eta jipoia segida susmagarri baten azken agerpena izan dira. Izan ere, segurtasun indar armatuekin elkarlanean aritzeko eskaerak egiteko bahiketa eta jazarpena erabiltzea ere ez da berria. Juan Mari Mujika euskal errefuxiatu politikoa Donapaleu inguruan bi orduz bahituta eduki zutela gogoratu besterik ez dago. Eta bahiketak bezala, azken hilabeteetan ugaritu egin dira «inkontrolatuen» mehatxuak: Baztanen, Iruñean... Jazarpen horrek, salaketa horiek, ordea, ez dute hedabide gehienetan tarterik txikiena ere izaten. Eta horiek guztiak ugaritzen diren bitartean, Jon Anza euskal errefuxiatuak ia hilabete eta erdi desagertuta jarraitzen du, Gobernu frantsesaren eta espainolaren eta hedabideen alarma eragin gabe. Gizarteko sektore baten jazarpen dinamika hori gero eta kezkagarri eta larriagoa da, kasualitateak nekez azal dezakeena. Ez dira kasu bakanak, eta arreta ematen du jazarleek zenbaterainoko inpunitatearekin jokatzen duten. Ezbairik gabe, salaketa urrats bat da kasu horiek gerta ez daitezen. Hedabideen isiltasuna, berriz, gerta daitezen errazteko modu eragingarria.