GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Camino Monasterio eta Iñaki Beorlegi (*) Iruñeko zinegotzi eta zinegotzi ohiak

Rodeznoko kondea? Ez, eskerrik asko

Demokraziaren goraipatze hanpatu eta hutsal horixe da, hain zuzen, pentsarazten diguna adierazpenaren sustatzaileek nahiago izan dutela PSN losintxatu, horretarako erregimenari buruzko hitz gozoak erabili behar zituztela jakinik

Duela gutxi, legegintzaldi desberdinetako zenbait zinegotzik sinatutako adierazpen bat argitaratu da egunkarietan. Bertan, Rodeznoko kondearen plazari izena alda diezaioten eskatzeko aitzakian, gaur egungo demokraziaren gorespena egiten da.

Idatzi hau sinatu dugunok Iruñeko Udaleko ezker abertzaleko zinegotziak izan gara edo gara, eta ez dugu adierazpen hori sinatu; izan ere, bertan behin eta berriro demokrazia eta parte-hartze politika aipatzen badira ere, ez digute utzi inolako ideiarik edo zehaztapenik gehitzen.

Halaber, ez gaude ados adierazpenaren edukiarekin; izan ere, gure helburua adierazpenaren sinatzaileek goraipatzen duten frankismoaren ondoko erreforma baino haratago doa eta, horrenbestez, jarraituko dugu defendatzen beharrezkoa dela frankismoarekiko egiazko haustura, egiazko marko demokratiko bat ahalbidetuko diguna, non proiektu politiko guztiak gauzatu ahalko baitira.

Gainera, gaur egungo sistema inposatuaren erabateko babesa islatzen da behin eta berriro testuan, sistema horrek dituen gabezia demokratiko larriak aipatu ere egin gabe. Soilik ezkerraren oinarrizko printzipioei uko eginda har daiteke erregimen hau demokratikotzat.

Bestela, nola uler daiteke demokraziaz eta aniztasun politikoaz hitz egitea lurralde honetan, non ohikoak baitira inposaketa, apartheid politikoa, euskararen jazarpena, salbuespen legeak, autodeterminazio eskubidearen ukazioa, ikurrinaren debekua, tortura, lege eta auzitegi bereziak, komunikabideak ixtea eta alderdiak legez kanpo uztea?

Nola uler daiteke demokraziaz hitz egitea, hemen, Iruñean, non Barcinak eta UPNk, PSNren laguntzarekin, egiazko despoten modura agintzen duten, oposizioa eta hari botoa eman dioten milaka herritarrak gutxietsiz eta askatasunean bizi nahi dugun guztioi Iruñea gero eta itogarriagoa inposatuz? Udalbatzak Rodeznoko kondearen plazari izena aldatzeko eskatuz hartutako erabakia betetzeari uko egiteak argi erakusten du nola ulertzen den demokrazia lurralde honetan.

Franko diktadorearen erregimenari buruzko edozein ikur edo osagai ezabatzea justizia kontua da, ordain historikoa, hainbeste urtetan ukatu diguten oroimena berreskuratzekoa. Hori dela eta, sinatzaileok lehen eta orain lan egin dugu eta eginen dugu ikur horiek gune publiko guztietatik ezabatzeko. Horrekin lotuta, Rodeznoko kondearen izena duten plaza bat eta erakusketa areto bat mantentzea da pertsona bat omentzea, zeinaren merezimendu bakarra izan baitzen zilegitasunez aukeratutako gobernu baten aurka altxatzea eta izuaren bidez beste erregimen bat ezartzen laguntzea.

Hori bada adierazpenaren helburua, soberan dago, diotenez, gozatzen dugun demokrazia zoragarriari buruzko parafernalia guztia; horrelakoak hain urrun baitaude errealitate gordinetik, ezen mingarriak baitira sistema demokratiko bat izan beharko lukeenarekin zerikusirik ez duen egoera pairatzen duten milaka pertsonentzat.

Baina demokraziaren goraipatze hanpatu eta hutsal horixe da, hain zuzen, pentsarazten diguna adierazpenaren sustatzaileek nahiago izan dutela PSN losintxatu, horretarako gaur egungo erregimenari buruzko hitz gozoak erabili behar zituztela jakinik. Eta hori jakinda PSN buru zuen Udalbatzak kendu zuela ikurrina udaletxeko balkoitik eta PSN izan zela Barcinari ezinbesteko laguntza eman ziona eta ematen diona, besteak beste, Gaztelu Plazako eta Euskal Jaiko bidegabekeriak egiteko, olentzeroak eta auzoetako jaiak etengabe erasotzeko, Udaltzaingo militarizatu, errepresibo eta politiko bat inposatzeko, Iruñean gizabidez jokatzeari buruzko ordenantza onesteko...

Gure helburua, milaka pertsonarekin batera, hiri honetan egiazko demokrazia lortzea da, non proiektu guztiak gauzatu ahalko diren, non ideien eta hizkuntzen aniztasuna errespetatzen den, non herritarren parte hartzea ez den utopia, eta helburu horretarantz urratsak egiten jarraituko dugu, inolako bazterketarik gabe.

Bat egiten dugu talde-ahalegin horrekin. Soilik horrela lortuko dugu adierazpen eta ikur frankistak desagerraraztea eta Rodeznoko kondeak behin eta berriro sortzea ahalbidetzen duten ideologiak eta pentsamoldeak deuseztatzea.

(*) Juan Luis Napal, Elias Anton, Eusebio Iriarte, Marine Pueyo, Alberto Petri, Izaskun Gastesi, Koldo Lakasta, Xanti Kiroga, Joxe Abaurrea, Ainara Armendariz, Carlos Otxoa, Expe Iriarte, Esther Lakasta, Marcos Erro eta Mikel Gastesi zinegotzi eta zinegotzi ohiek ere sinatzen dute artikulua

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo