GARA > Idatzia > Kirolak > Tenisa

Nadal gabe ere sufritzea tokatzen zaio Federerri

p037_f02_088x116.jpg

GARA | PARIS

Aurtengo Roland Garros ez da batere erraza izaten ari faboritoentzat. Igandean, faborito nagusia, Rafa Nadal, ezustean txapelketatik kanpo geratu zen, eta atzo, berriz, Roger Federer suitzarra ere amildegitik oso hurbil egon zen. Azken urteetan Parisen gainditu ezin izan duen aurkaria eta Djokovic gabe, bideak sekula baino errazagoa zirudien azken urteetan tenisaren puntaren puntan izan den Federerrentzat, baina atzo ikaragarri sufritu behar izan zuen Tommy Haas alemaniarraren aurka.

Bi orduz, burua beste nonbait izango balu bezala aritu zen Roger Federer, 2002ko maiatzean munduko bigarren jokalaririk onena izatera heldu zen Haasen aurka. Lehen bi setak galdu eta hirugarrenean 4-3 aurretik zela, alemaniarrak bere sakea hausteko pilota bat izan zuenean, Parisko publikoaren tenislari kuttunari iratzargailuak jo zion. Hortik aurrera, betiko joko bikaina berreskuratu zuen eta bederatzi joko jarraian irabaziz, final-laurdenetarako sailkatzea lortu zuen, 6-7 (4), 5-7, 6-4, 6-0 eta 6-2ko emaitzarekin, hiru ordu eta zazpi minutu iraun zuen neurketan.

Partidari indartsu ekin bazion ere, Basileako txapeldun handiak bere iraganeko joko mailatik urrun dagoela erakutsi zuen. Izan ere, lehen bi setetako une erabakiorrak heldu zirenean ez zuen orain horrenbeste ez dela erakutsitako kolpe erabakiorrak jotzeko gaitasuna erakutsi.

Tie-break-ean ihes egin zion partidako lehen setak, eta bigarrenean aurkariaren sakea apurtzeko gai izan bazen ere, ez zuen lana biribildu. Zortzigarren jokoan bere sakeari ihes egiten utzi zion eta Haas hazi eta bigarren seta ere eskuratu zuen.

Amildegiaren ertzean

Amildegiaren ertzean zela, partida lasaitu eta tantoak luzatzeko erabakia hartu zuen Federerrek. Aukerak bere arriskua zuen arren, bikain irten zitzaion. Hala ere, Haasek sekulako aukera izan zuen partida ziurtatzeko, Basileakoaren sakea hausteko moduan izan baitzen, berriz ere seteko zortzigarren jokoan. Oraingo honetan, ordea, alemaniarrak ez zuen asmatu eta txapeldun handien aurka gertatu ohi den bezala, barkatzeak porrota dakar.

Federerren gorputzak eta buruak, Haasenek behera egin zuten modu berean egin zuten gora, eta segituan eman zion buelta Federerrek porrotetik horren gertu izan zuen egoerari eta aitaren batean hiru setak irabazi zituen. Orain Monfilsen aurka jokatu beharko du sekula irabazi ez duen torneoko finalerdietan leku bat izateko. Hamaikagarren serie-buruak hiru setetan bota zuen Roddick: 6-4, 6-2 eta 6-3.

Emakumezkoen txapelketan, 19 urteko Sorana Cirsteak eman zuen eguneko ezustea, Jelena Jankovic hiru setetan kanporatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo