GARA > Idatzia > Kirolak > Tenisa

Roland Garros

Davydenkok amesgaiztoak izango ditu Soderlingekin

Errusiarrak ez zuen aukerarik izan suediarraren aurka. Fernando Gonzalezek Murray kanporatu zuen. Safina eta Cibulkovak egin zuten aurrera emakumeetan.

p039_f01_097x140.jpg

GARA | PARIS

Nikolay Davydenko errusiarrak bart amesgaiztoak izango zituen bere borreroarekin. Roland Garroseko final-laurdenetan galtzea gauza bat da, baina halako egurra jasotzea -bost joko baizik ez zituen egin- beste bat.

Robin Soderling suediarrak airean erabili zuen ATPko zerrendako hamargarrena eta ordubete eta 41 minutu nahiko izan zituen finalerdietara igarotzeko. 6-1, 6-3 eta 6-1eko emaitza nahikoa argigarria da. Suediako tenisarentzat, gainera, balentria egin zuen Soderlingek, 2000. urtetik Roland Garroseko finalerdietara iristen den lehen suediarra baita. Hain zuzen ere, egun bere entrenatzaile den Magnus Normanen lekukoa hartuko du Soderlingek.

Suediarraren aurkaria Txileko Fernando Gonzalez izango da. Hamabigarren faboritoak lau setetan irabazi zion Andy Murray britainiarrari: 6-3, 3-6, 6-0 eta 6-4. Aurreneko bi setetako parekotasuna hirugarrenean hautsi zen, hegoamerikarrak hutsean laga baitzuen Murray.

Laugarren setean, berriz, urduritasuna izan zen nagusi. Markagailuan 4-3 aurretik zela, Gonzalezek sakea hautsi zion tenislari britainiarrari, baina honek berehala erreakzionatu zuen. Alabaina, minutuko atsedenaldiaren ostean, berriro apurtu zion sakea Gonzalezek Murrayri, finalerdietarako txartela eskuratuz.

Emakumeen txapelketan, aldiz, bi final-laurden oso ezberdin ikusi ziren. Aurrenekoan, Dinara Safinak izerdia latz bota behar izan zuen Azarenka gainditzeko. Aurreneko seta 1-6 galduta, lehen faboritoak 6-4 eta 6-2 irabazi zituen hurrengo biak.

Bestalde, Eslovakiako Dominika Cibulkovak sekulako jipoia eman zion Maria Sharapovari: 6-0 eta 6-2 ordubeteko lehian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo