Amagoia Mujika kazetaria
Defentsarik onena eraso on bat omen da
Antonio Cañizares kardinalak aste honetan esandakoak atentzioa eman dit. Lasai asko baieztatu du haurrak bortxatzea baino kontu larriagoa dela abortua. Zer? Beren haurtzaro samurrenean Irlandako erakunde katolikoetan zaildutako 2.000tik gora lagunek salatu dituzte abusuak. Eta zer eta lotsatu beharrean, to, Cañizaresen erasoa.
«La mejor defensa es un buen ataque» esaldia etorri zait burura. Izan ere, baditut taktika hori ederki maneiatzen duten lagunak. Eta beti bukatzen dute garaile, edo, gutxienez, garaile plantak egiten. Cesar Luis Menotti, El Flaco, Argentinako futbol selekzioko hautatzaileak egin omen zuen famatu esaldi hori 1978ko Munduko Txapelketan. Argentinak irabazi zuen.
Cañizares kardinalak Menottik hain modan jarritako taktika aukeratu du. Eta «aukeratu» diot ez dudalako sinesten bat-batekotasunetik sortu zaionik horrelako burutazio aldrebesa. Etxetik, elizatik edo konfesatokitik -zer dakit nik- ekarriko zuen prestatuta eta letxe txar guztiarekin bota, Irlandako apaizen eta mojen zikinkeria tapatuko zuelakoan. Hori bai, kontraesan handienak botatzeko dotorezia duela onartu behar zaio kardinalari. Sekulakoa bota du batere aztoratu gabe. «Lehendabiziko eskubidea bizitzeko eskubidea da», esan du. Bizi, ondo edo gaizki, baina bizi. Erakunde katolikoetan «hazteko eta hezteko» harrobirik gabe geldituko diren beldur al dira, bada? Behin gaizki pentsatzen hasita.
Beste jakintsu handi bat etorri zait burura, Evaristo. «The Kagas» taldearen abesti batekin akordatu naiz zehazki: «Presumís de ejemplo de castidad y vais todos mas salidos que el copón; como sabe más de un menor de edad la lujuria reprimida es la peor».