GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Bizkartzain frantsesak Al Nahyan sendiarentzat

Mirageak ordezkatzeko asmotan dabiltza Emirerriak. Paretsuan lehiatzen ari den Abu Dhabiko zentral nuklearra ere Areva frantsesarentzat suertatuko balitz... Al Nahyandarrei bizkartzainak doan eskaintzeko egiazko arrazoi bakarretakoa izan daiteke

Behi egoskorrak behin eta berriro esne marmita botatzen ziolako ernegatutako baserritarraren istorio hura gogorarazi didate Frantziak Abu Dhabin ireki berri duen basea, azken 50 urte hauetan sortutako lehena, arrazoitzeko Sarkozyren ingurumaritik zabaldu dituzten argudioek: edozein astakeria pentsa dezazun prest nago, egia esaten badizut, ez didazu sinetsiko-eta.

Galantak aditu baitira Camp de la Paix deitu horri buruz. Sarkozyk berak esandakoa ez da makala: «Base honen xede orokorra da Indiako Ozeanoan barreiatuta dauzkagun indarrei sostengua ematea da», adibidez. Baina haren bozgorailuek jaulkitakoak mardulagoak izan dira: «Orain Iranek Emirerriei erasotzen badie, Frantziari erasotzen ariko da»; edota «ez da txantxa arma nuklearrak garraia ditzaketen urpekari eta hegazkinentzako azpiegitura batez profitatu ahal izatea». Edota Ormuzeko itsasartea kontrolatzeko eta Afganistanen diharduten ia hiru mila soldadu frantsesei emendioak helarazteko erabakigarria izango dela Abu Dhabiko basea irakurri dut. Somaliako piratek hemendik aurrera argi ibili beharko dutela ebatzi dutenena alde batera utzita, noski.

Benetan ari balira, arazo larriren bat legokeela pentsatu beharko genuke: edota beraiek ez dute ingurune hartako maparik xumeena ere, edota guk ez dugulakoan ari dira. Eta, edonola ere, aritmetika operazio arruntenak existituko ez balira bezala ari zaizkigu. Edonork dakienez, Persiako Golkoa itsaso hertsi bat da, zabalenean 350 km dituena, eta irtenbide bakarra Ormuzeko itsasartetik duena: 55 km zabaleko estugune bihurri bat, Iran eta Arabiako penintsula artean. Aritmetika militar oinarrizkoenera itzulita: Persiako Golkoaren hegoaldeko kostalde osoa Iranen misil eta ontziteria arruntenaren irismenaren barne-barnean geratzen da; eta zer esanik ez Ormuzeko itsasartea. Inguru hartako gorabehera politiko-militarrak ulertzen hasteko ezinbesteko abiapuntua da. Zakuaren zilborrean kokatzen den Abu Dabhiko base frantsesak (400 soldadu, iragarri zaigunez), bide batez, eman baino gehiago hartu egin beharko du laguntza, etsaia Iran balute behintzat.

Djiboutiko basea, hamar bider handiagoa, Adengo Golkoan duenak zertarako sartu behar ote du Persiako Golkoko zepoan, ahaltsuagoak direnak, askoz premia larriagotan dabiltzanak eta ingurunean askoz «tradizio» sendoagoa dutenak (Ameriketako Estatu Batuak eta Britainia Handia) kontrakoa egiten ari direnean? Galdera horren erantzunak argituko liguke ausardia geoestrategikoz mozorrotu nahi izan den ateraldi honen benetako zergatia.

Hara nire uste tolesgabea: lehendanik zituzten 60 Mirageak ordezkatzeko asmotan dabiltza Emirerriak; eta Dassaultentzat hil ala bizikoa da ordezkoak ere bere Rafaleak izatea, eta ez hegazkin estatubatuarrak. Paretsuan lehiatzen ari den Abu Dhabiko lehen zentral nuklearra ere Areva frantsesarentzat suertatuko balitz... Abu Dhabi eta Emirerriak euren jabegokoak balira bezala kudeatzen dituzten Al Nahyan-darrei bizkartzain mordoxka bat doan eskaintzeko egiazko arrazoi bakarretakoa izan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo