GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Joseba Felix Tobar-Arbulu ingeniaria

Zabor-ekonomia

AEBetako zorra hirukoiztu egin da burbuila-ekonomia berpizteko ahaleginean, banku-kreditua emendatzeko asmoz; zor gehiago izateko, alegia. Hala azaltzen du Joseba Tobar-Arbuluk artikulu honetan, eta berehala ohartarazten du zorra dela, hain zuzen ere, kolapso ekonomikoa ekarri duena. «Zabor-ekonomiaren» funtzionamendua aztertuta, ondorio arrazional eta arrazoitu batera iritsi da: «Sektore finantzarioak ekonomia `errealaren' menpe egon behar du, hazkunde industrialerako eta nekazal garapenerako, ez alderantziz».

Berriki ezagutu dugun burbuila-ekonomia hain zamatuta (zorpetuta!) egon da, ezen ezin baita horrelako beste bat antolatu. AEBetan oraindik burbuila berpiztu nahi da dolar-kopuru izugarria oparituz, AEBetako zor osoa hirukoiztu delarik, banku-kreditua berriz ere hazteko esperantzarekin. (Banku-kreditua, alegia, zor gehiago).

Kontua da zorra izan dela kolapso ekonomikoa ekarri zuena. Antzua da propaganda. Izan ere, susperraldi ekonomikoak soilik «pizgarri» batzuk behar dituela esaten digute, «aurrezkiak» sustatzeko. Aurrezkiek automatikoki kapital inbertsio berria eta kontratuak finantzatuko balituzte bezala. Errealitatean, alta, mailegaturiko diruak zor handiagoa sortzen du ekonomiaren %10aren onerako eta %90aren kalterako, ekonomian bi multzo horien artean dagoen leizea handituz eta areagotuz.

Maila teorikoan, ohiko kontabilitate berdinketa makroekonomikoaren arabera (I=A, non I inbertsioak A aurrezkiak berdindu behar dituen), ezinezkoa da zor netoa azaltzea. Beti aurrezkiek berdinduko lukete inbertsioa.

Baina horrek suposatzen du «inbertsioa» kapital finkoaren eraketaren moduan interpretatzea. Izatez, gehiena finantza-merkatuko inbertsioa da. Hortaz, I=A berrinterpretatu beharra dago. Inbertsio totala (I) sektore errealeko inbertsioa (IE) gehi finantza-inbertsioa (FI) da: I=IE+FI=A. Gaur egun, FI askoz handiago da IE baino (AEBetan kreditu guztietatik %80 inguru). Zorraren hazkundeak FI berdintzen du.

Hortaz, edozein gizarte haz daiteke zorretan bere kreditu-fluxuak, eta beraz haren aurrezkiak, finantza-merkatuko inbertsioetara zuzenduz, eta ez kapital ukigarriaren eraketara. Ondorioa bistakoa da: zorrak ez izateko, kredituak kapital ukigarriaren eraketara zuzendu behar dira. Sektore finantzarioak ekonomia «errealaren» menpe egon behar du, hazkunde industrialerako eta nekazal garapenerako, ez alderantziz.

Egoera konpontzeko, finantza-arazoaren erroetara jo behar da (http://www.counterpunch.org/hudson05202009.html): interesdun zerga-kenkari orokorra kendu behar da, zeinak zorraren garapena bultzatzen duen; «kapital» irabaziak zergapetu behar dira eta FIRE sektorerako (finantza, aseguru eta higiezin erreal) zerga zuloak itxi.

Oraindik likidezia-arazoa aipatzen da nonahi, arazoa zor txar batena delarik, ekonomiak ezin duena ordaindu. Izan ere, zor orokorra ondoko arloetan ikus daiteke: (a) iruzur finantzarioan; (b) gastu militarrean (AEBetako ordainketa-balantzaren defizitaren giltza eta, hortaz, munduan zehar banku zentralen dolar erreserben hedatzea eta (c) ez-irabazitako errentak ugaritzea. Horiek dira gaur egungo «merkatu libreko» abeslariek baztertu dituztenak.

Bien bitartean, prentsan esaten da asiar jendeak gehiegi aurreztu duela, gero dolar horiek AEBetara maileguz emateko. Baina dolar horiek aurrezten dituztenak banku zentralak dira, ez gizabanakoak edo enpresak. Gizabanakoek eta enpresek yuan eta yenetan aurrezten dute, ez dolarretan. Barneko aurrezki horiek ez ditu Txinak edo Japoniak AEBetako Altxor Publikoko tituluetan ezarri (egun 10 x 109 dolarreko kopurua). AEBen gastu propioa da, ordainketa-defizitak atzerrira ponpatzen dituen dolarrak, AEBetako konpainiek salmentetarako dolarrak eta AEBetako esportazioen atzerritar eskarien gaineko dolarrak. Ordainketa-defizit hori ez da AEBetako kontsumitzaileen ondorioa. Jokoan dagoena AEBetako ordainketa-balantzaren defizitaren azpian dagoen gastu militarra da.

Beste puntu bat «interes konposatuen miraria» da. Izan ere, zor handiek gaizki bukatzen dute, interes-zamak metatzen baitituzte ekonomiek, ordaintzeko daukaten ahalmena baino arinago.

Krisiari buruzko etengabeko artikuluetan faltan botatzen dena ondokoa da: (a) Irudi handiaren kritika (alegia nola Wall Streetek arlo publikoa finantzializatu duen ekonomia neofeudala martxan jartzeko, Gobernua bera pribatizatu duen bitartean, batez ere Altxor Publikoa eta Banku Zentrala. (b) Nola finantza-kapitalismoak kapitalismo industriala irentsi duen.

Gainera bi erreforma handi baztertu dira: (1) Ez-irabazitako errenten bazka librea minimizatzea (kasu, pribilegio monopolista eta arlo publikoaren pribatizazioa versus lan-indarra eta kapital industriala) ondokoak zergapetuz; hots, kanpoan dagoenaren jabego-errenta, aktibo-prezioko irabaziak («kapital» irabaziak), natur monopolioak arlo publikoan utziz, eta trust-en aurkako legeak erabiliz. (2) Finantza-sektorea bideratzea kapital eraketa finantzatzeko. Lehen Mundu Gerra baino lehenago, Alemanian eta Erdialdeko Europan kreditua industrian erabiltzen zen. Gaur egun, banku-kreditua kapital eraketatik desloturik dago, hipoteka-krediturako (%80a) eta espekulaziorako erabiliz.

(Post-sobietar herrialdeetan, zorrak atzerritar monetan egin dira, esportazioek eramandako zamak zuritzeko inolako aukerarik gabe. Ondorioa, zor-tranpa bat da -«austeritate» kronikoa barneko merkaturako, kapital inbertsioa gutxituz, eta horrekin batera bizitza-estandarrak murriztuz. Kontua ez da lehengo stalinismo burokratikora itzultzea. Ekonomialari klasikoek irabazitako errenta -alokairuak eta mozkinak- eta ez-irabazitako errentak -lur errenta, monopolio errenta eta interesak- bereizten zituzten).

Azken burbuila aurreko burbuilen aldean desberdina izan da. Azkena ez dute gobernuek eratu beren zor publikoa gainetik kentzeko, monopolioak sortuz edo monopolioak pribatizatuz gero saltzeko gobernu-bonuak ordainketarako. AEBak, eta beste herrialdeak ere, gaur egun sakonki erori dira zorretan soilik bankariei mailegu txarrak ordaintzearren.

Finantzak hazkunde ekonomikoa bultzatu barik, finantza ez dago gehiago ekonomiaren menpe; alderantziz, ekonomia finantzializatu egin da. Interesa daraman zorrak ekonomia suntsitzen du eta zor deflazioa sortu, aurrezkia zor-ordainketara desbideratuz eta ez kapital inbertsiora zuzenduz. Baldintza horren menpe, «aurrezkia» ez da inolako irtenbidea gaur egungo murrizketarako. Arazoaren parte bat da. Keynesen irakaspenetik kontrastean, arazoa finantza-sektorearen ahalmen estraktiboa da, hartzekodun gisa. Gainera, egungo sektore finantzarioak bere oparotasuna botere politiko bilakatu du (http://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/soilik-finantza-krisia).

Botere politiko oligarkikoa den sektore finantzarioari benetako botere demokratikoarekin aurre egin behar zaio. Oligarkia versus demokrazia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo