GARA > Idatzia > > Ekonomia

Euroguneko BPGak %4,8ko jaitsiera izan du, historiako handiena

Euroa indarrean dagoen herrialdetako Barne Produktu Gordinak (BPG) %4,8ko atzeraldia izan du aurtengo lehenengo hiruhilekoan, historian izan duen jaitsierarik handiena, hain zuzen ere. Baltikoko herrialdeek izan dituzte atzeraldi handienak.

GARA |

Euroguneko Barne Produktu Gordinak (BPG) %4,8ko beherakada izan zuen urteko lehen hiruhilekoan aurreko ekitaldiko epe berarekin alderatuta, eta %2,5eko atzeraldia 2008ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta.

Eurostat Europar Batasuneko estatistikaren bulegoko datuen arabera, 27en Europan, BPG-aren urte arteko tasak %4,5eko atzeraldia izan zuen. Aurreko urteko laugarren hiruhilekoan izandako zifrekin konparatuta, atzeraldia %2,4koa izan da.

Atzo ezagutarazitako datuek azaleratu dutenez, EBko eta euroguneko BPGak lau hiruhilekoz jarraian jaitsi dira dagoeneko. Urte arteko tasa kontuan hartuta, bi hiruhilekoz jarraian eman da jada jaitsiera.

Urteko lehen hiruhilekoan, euroaren zonaldean kontsumitzailearen azken gastua %0,5 jaitsi zen, eta, 27en Europan, %1. Inbertsioak, bitartean, %4,2 jaitsi ziren eurogunean, eta %4,4 EBn.

Esportazioei dagokienez, euroa duten herrialdeetan %8,1 jaitsi ziren, eta %7,8 handitutako Europan. Inportazioek, bestalde, %7,2ko atzerakada eta %7,8koa izan zituzten, hurrenez hurren, aipaturiko bi esparru horietan.

Hiruhileko BPGaren jaitsierak Eurostatera eguneratutako azken datuak igorri zituzten 16en EBko herri guztietan izan du eragina Zipren ezik; bertako ekonomia mantendu egin du.

Atzeraldi handienak Letonian eta Eslovakian izan dira, %11,2ko jaitsierekin. Estatu espainolean, berriz, atzeraldia %1,9koa izan da; hain zuzen ere, atzeraldi txikiena izan duen laugarren herrialdea da Estatu frantsesaren (%-1,2), Portugalen (%-1,5) eta Belgikaren (%-1,6) ostean.

Atzeraldi orokorraren barruan, Zipreren kasua nabarmendu behar da, aberastasun nazionalaren bilakaeran tasa positiboak izan dituen herri bakarra baita (%1,6).

Zipre, salbuespena

EBren atzeraldiaren barnean, Zipreren egoera nabarmendu behar da, tasa positiboak izan dituen herri bakarra baita. Tasa txarrenak Baltikoko herrialdeek izan dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo