«Agian» diziplina anitzeko ekimena osatuko duten proiekzioa eta ikuskizuna, gaur eta bihar
Amarica Proiektuaren «Agian» proposamen berritzailearen alde bizia iritsi da. Gaurtik aurrera, Arkaitz Basterraren «Agian» dokumentala ikusgai izango da, eta bihar «Zaharregia txikiegia agian» ikusi ahal izango da.
I. A. | GASTEIZ
Olerkigintza, musika eta arte plastikoak uztartzen dituen proposamen gisa jaio zen «Agian». Egitasmo honek 2003ko martxoan izan zuen abiapuntua, Elizabeth Macklin idazleak Kirmen Uribe Manhattanera errezitaldi bat egitera gonbidatu zuenean. Kirmenek maletan zer sartu zalantza egin gabe, bere lagunekin egin zuen bidaia, hots, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariekin eta Mikel Valverde irudigilearekin. Beste diziplina batetik zetorren eragina gehitzeko, Arkaitz Basterrak taldeari buruzko lan bat aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian 2006. urtean, «Agian/Maybe» izenburupean.
Ardatz bera duten lan hauek guztiak bildu ditu egunotan Amarica Proiektuak Gasteizen. «Agian» diziplina anitzeko proiektuaren bigarren zatia aurkeztu zuten atzokoan Aldundiko eta Amarica Kontseiluko kideek. Gaurtik aurrera, Arabako Lurralde Historikoko Agiritegiko aretoan Arkaitz Basterraren «Agian/Maybe» dokumentala ikusgai izango da. Gaurko emanaldian -19.00etatik aurrera- egilea bera ere izango da azalpen lanak egiten. Baina ez da hori izango emanaldi bakarra; hilaren 12an ordu berean eskainiko da eta ekainaren 16 eta 17an euskaltegiei zuzenduriko emanaldia bereziak izango dira.
Bihar, bestalde, «Zaharregia txikiegia agian» poesia, musika eta irudi ikuskizuna ikusteko aukera izango da. Emanaldi hau Amarica aretoan bertan egingo da. Musika Mendizabalen biolinak eta Rueda eta Urdangarinen gitarrek jarriko dute, Uribek testuak irakurri eta Valverdek ilustrazioak egin bitartean.
Valverderen erakusketa
«Agian» egitasmoaren beste zutarria Valverderen erakusketa da. Paperean egindako 40 irudi daude ikusgai. Irudiok «Zaharregia, txikiegia agian» disko-liburua ilustratzeko erabilitako irudi berak dira, baina erakusketakoak tintaz, arkatzez eta akuarelaz egindakoak dira. Hau ere Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegian ikusi ahal izango du nahi duenak hilaren 20ra arte.
Egitasmo hau Amarica Proiektuaren lehendabiziko urratsetako bat da. Aldundiak bultzatuta, Amarica Proiektuaren helburua honakoa da: artistak beraiek erakundearen aretoen kudeatzaile izatea, hain zuzen ere, Amarica aretoaren, Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegiaren eta Florida parkeko kultur etxearen kudeatzaile izatea.
Poesia, musika eta irudia uztartzen dituen «Zaharregia txikiegia agian» ikuskizuna ikusi ahal izango da bihar Amarica aretoan. Emanaldia arratsaldeko 20.ooetan hasiko da eta doakoa da.
«Agian/Maybe»: Dokumentalaren proiekzioak Agiritegian egingo dira gaur eta ekainaren 12, 16 eta 17an.
«Zaharregia txikiegia agian»: Ikuskizuna bihar egingo da Amarica aretoan.
«Agian»: Valverderen erakusketa Agiritegian egongo da hilaren 20ra arte.