Tolosako Ğtxotxongiloen etxekoğ hariak bisitariak mugiaraziko ditu
Datorren azaroaren bukaerarako, Titirijai jaialdiaren 27. edizioa ospatzen denerako, espero da TOPic Tolosako Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa martxan egotea. «Txotxongiloen etxe» honek ez du gordailu eta erakusleiho soilean gelditu nahi. Dani Freixas proiektuaren arduradunaren esanetan, «imajinazio eta interakzio bidez, haur eta helduek edozein elementurekin panpina bat egitea posible dela ikustea eta horretara bultzatzea da helburu nagusiena».
Ane ARRUTI | TOLOSA
Mariona maskotak emango die ongietorria Tolosako «txotxongilo etxera» inguratzen diren haur eta helduei. Hortik aurrera, 3.600 metro karratu eta 1.400 panpina baino gehiago izango dituen imajinazio mundu erraldoi batean murgilduko dira. «Heldu izan nahi duten haurrentzat eta haur izan nahi duten helduentzako etxea izango da TOPic zentroa», esan zuen Dani Freixasek, proiektu museografikoaz arduratzen den arkitekto kataluniarrak.
Freixasek zein bere arbasoek harreman handia izan dute txotxongiloekin eta horrexegatik proiektu hau opari moduan hartu duela azaldu zuen arkitektoak. «Museo ikuspegia kendu eta bisita joko modura planteatu nahi dugu. Jakin-mina eta konplizitatea funtsezkoak dira txotxongiloen sekretuak gorde, babestu eta erakusten diren etxe honetan», azaldu zuen. «Haurrek aspertzen ikasi behar dute. Gaur egungo umeen arazo handienetakoa hori da, denetarik dute. Gauza gutxi dituzunean ikasten duzu zure mundu imaginarioa asmatzen. Horretara bultzatu nahi ditugu», gaineratu zuen.
Ikusi, ikasi eta parte hartu
Zazpi gunetan banatuta egongo da TOPic zentroko ibilbidea eta, batetik bestera joateko, «bakarrik irekitzen diren gortinak» zeharkatu beharko dira. Kutxa, ate, izara, proiekzio edo argiztapenen bidez, «hari bisualak» sortuko dira, Freixasen esanetan «etengabeko mezuak eraikitzen joateko».
Ongietorriaren ondoren, kontrol gelan, geografia eta tradizioei buruzko pantaila eta ispiluak aurkituko ditugu. «Etorkizuneko pelikuletako itxura izango du, sartu eta berehala harrituta utziko gaituena», aurreratu zuen Freixasek. Hortik mundu osoko panpinak gordetzen diren pertsonaien galeriara pasako ginateke. Bertan, edozein elementuk bizia har dezakeela erakustea da helburua.
Bisitariek gehien gozatuko duten lekua ziurrenik proba aretoa izango da. Txotxongiloak eta antzeztokiak erabiltzeko eta eraikitzeko aukera izango dute bertan. Gainera, teknikei buruzko sekretuak ere ezagutaraziko dira. Sortzaileen korridorean, berriz, mundu osoko txotxongilo erabiltzaile ezagunek emandako panpinak ikusiko dira.
Beste guneetako bat 253 eserlekuko antzokia izango da. Taula birakorra izanik, aldi berean bi muntaia prest edukitzea ahalbidetuko du eta funtzioen itzulpenerako ekipamenduarekin zein teknologi berrienekin hornituta egongo da.
Aurtengo Titirijai jaialdiak 27. edizioa izango du eta Quebeci eskainita egongo da. Azaroaren 28an hasiko da eta aste horretarako espero da txotxongiloen etxea prest egotea.