Europari buruzko dosierra: Euskal Herriaren testuinguru geopolitikoa ulertzeko lagungarri
Euskal herritar askok arrotz ikusten dute Europar Batasuna. Askok beste erreferentzia geopolitiko batzuk dituzte gogoan; nahiago lukete Euskal Herria errepublika bolivariar bat balitz, Orinokoko ertzean edo Magreben iparraldean balego. Gazteek mesfidantzaz begiratzen dute makroegitura politiko hau, urrun eta arrotz. Garai batean La Polla Records taldearen «Europa» abestia ereserki bihurtu zen askorentzat. Hala zioen «Prostituta zahar eta ustela/ makillajeak ez du kiratsa estaltzen». Garaian garaikoak, sentipen hauek bizirik diraute askorengan.
Nolanahi ere, europar testuinguruan dago Euskal Herria. Halabeharrez bada ere, Europar Batasunaren parte da, estaturik gabeko nazioa izanik menperatzen duten bi estatuak bertako kide direlako. Eta aurka egoteko bada ere, ulertzea ezinbestekoa da. Hauexek direlako gaur GARAk argitaratzen duen dosierraren helburuak: Europar Parlamenturako hauteskundeen aurretik, Europar Batasunaren argi-ilunak irakurleari gerturatzea, datorren legegintzaldian gerta daitekeena aurreikustea eta Europak alor desberdinetan dituen arazoei eta erronkei begirada ahalik eta sakonena ematea.