Hegazkinaren kutxa beltzak topatzea zaila izango dela ohartarazi dute
Ozeano Atlantikoan galdutako Air Franceko hegazkinaren kutxa beltzak topatzea zaila izango dela ohartarazi dute ikertzaileek. Kutxak aurkitzeak istripua zergatik gertatu zen jakitea ez duela bermatzen ere nabarmendu dute. Brasilgo aire armadak arrasto gehiago lokalizatu ditu.
GARA |
Igandetik astelehenerako gauean Ozeano Atlantikoan galdutako Airbus 330-220 hegazkinaren kutxa beltzak aurkitzea nahiko zaila izango dela ohartarazi zuten atzo ikertzaileek. «Ez gara oso baikorrak ozeanoren sakontasuna, bi mila eta hiru mila metro artekoa, eta zonaldearen ezaugarriak kontuan hartuta», aditzera eman zuen Paul-Louis Arslanianek, Analisi eta Ikerketa Erakundeko (BEA) zuzendariak. «Beharrezkoa den guztia egingo dugu, baina momentuz behintzat ikerketa oso zaila da», gaineratu zuen. Kutxa beltzak agertzeak ere istripua zergatik gertatu zen jakin ahal izatea ez duela bermatzen nabarmendu zuen.
Dena den, ekaina amaitu baino lehenago lehen txosten bat aurkeztu nahi du Arslanianek. Helburu horrekin, BEAk astelehenean bi aditu bidali zituen Brasilera eta lau lan talde osatu ditu hondakinak aurkitzeko, Airbusaren mantentzea eta historia aztertzeko, Air Francek zer nolako erabilera eman dion ikertzeko eta hegazkinaren tresneria nahiz sistemak aztertzeko.
Orain arte bildutako datu urrien arabera, hegazkinak ez zuen inolako arazorik Rio de Janeiron aireratu zenean. Hala ere, Arslanianek ez zuen gertatutakoaren inguruko hipotesirik baieztatu nahi izan ikerketa hasi besterik ez delako egin. Gertatutakoa Estatu frantseseko abiazioaren hondamendi «larriena» dela onartu zuen. Hegazkinarekin azken harremana istripua gertatu baino «ordu erdi lehenago» izan zela ere zehaztu zuen. Hiru minutuko trukea izan zen. Eskifaiak turbulentzia zonalde batean sartu behar zutela azaldu zuen, tximistarik ote zegoen zehaztu gabe.
Brasilgo aire armadak hegazkinaren arrasto gehiago aurkitu zituen atzo lehenengoak topatu ziren lekutik 90 kilometrora.
Nicolas Sarzkozy presidenteak, haren emazteak, Jacques Chirak presidente ohiak eta Air Franceko langileek hegazkinean zihoazenen omenezko mezan parte hartu zuten Notre Damen.