GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

Luxemburgoko Tourra

Astana taldeko Rast suitzarra izan da azkarrena atarikoan

Hiru minutu eta 46 segundo behar izan zituen duela bi urteko garaileak, 2,7 kilometro egiteko. Horrillori ebakuntza egin zioten atzo, eta dena ondo atera zen.

p041_f01_148x096.jpg

GARA | DONOSTIA

Gregory Rast Astana taldeko suitzarrak irabazi zuen atzo Luxemburgoko Tourreko atarikoa. Hiriburuan egindako 2,7 kilometroko proban 2007ko irabazle izandako txirrindulariak hiru minutu eta 46 segundoko denbora behar izan zuen beste parte hartzaileen aurretik sartzeko.

Helmugan, Jonathan Hivert frantziarra izan zen bigarren, bi segundora, eta Romain Feillu, herrikidea, hirugarren, lau segundora.

Aipatzekoa da Astanaren parte hartzea. Izan ere, Kazakhstango taldeak arazo ekonomiko ugari ditu eta ezin die bere txirrindulariei eta laguntzaileei ordaindu. Hori dela-eta, taldeak duen ProTour lizentzia galtzeko arriskua zuela ohartarazi zion UCIk. Hala ere, Luxemburgoko Tourra korritzeko baimena eman dio Alberto Contador eta Lance Armstrong txirrindularien taldeari, baina baimen hau behin-betikoa ez dela jakinarazi du UCIk. Taldeak banku abala aurkeztu du, baina oraindik ez die langileei ordaindu. Gauzak horrela, oraingoz proba hau korritu ahal izango dute Astanako kirolariek.

Beste alde batetik, Luxemburgoko Tourrean dauden euskaldunen artean, Euskaltel-Euskadiko Aitor Galdos izan zen onena, hemezortzigarrena izan baitzen sailkapenean, liderrarengandik 11 segundora.

Gaur Luxemburgo eta Mondorf arteko 157,4 kilometroko lehen etapa korrituko da.

Horrillori ebakuntza

Horrillo Rabobank taldeko txirrindulariari atzo egin zioten izterrezurreko ebakuntza Nafarroako Klinika Unibertsitarioan. Gipuzkoarrak istripu larria izan zuen duela gutxi amaitutako Giroan, 60 metroko amildegi batetik erortzean.

Italiatik astelehenean iritsi zen Iruñera, eta bere egoera aztertu ondoren, mediku taldeak ebakuntza egitea erabaki zuen, izterrezurra berreraikitzeko. Amaitzean, dena ondo atera zela adierazi zuten medikuek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo