GARA > Idatzia > > Kultura

Euskaraz sortutako literaturak kate guztiak lotuko ditu Larrabetzun

Literaturiak idazle, editore, irakurle zein kritikariak bildu, eta guztien parte hartzea bermatuko du, euskaraz sortutako literatura protagonista bakar. Gaur, Jimenezen «Nora ez dakizun hori» eta Barandiaranen «PostKronikak» (Elkar), Sarasolaren «Alea» eta Madariagaren «Erorien logika» (Susa), Mendigurenen «Egun bat Petre Romanescuren bizitzan» (Erein), Penadesen «Jantzi beltz bi» (Alberdania) eta Serranoren «Erlojugilea» (Txalaparta) aurkeztuko dituzte bertan.

p049_f01_97x80.jpg

A. BILBAO | LARRABETZU

Literatur Eskolak piztu eta Larrabetzuko herriak elikatu duen Literaturia atzo ireki zuten Hedoi Etxarte olerkariak eta Petti kantariak Hori Bai gaztetxean jorratu ekitaldiekin. Gaur eta bihar, berriz, egitaraua goizetik gauera hedatzen da, sortzaileak herriratu eta herria sortaraziz.

Ekitaldia mahai inguru batek abiatuko du, 10.00etan. Harkaitz Zubiri gidari dela, Fito Rodriguez idazlea, Olatz Osa editorea eta Iratxe Retolaza kritikaria «Euskarazko literaturaren sistema: idaztea, argitaratzea, kritikatzea» gaiarekin ausartuko dira. Iluntzeko zortzietan irekiko den Azoka Gunean (eguerdian atsedena egingo dute), liburu aurkezpenak izango dira, Alberto Barandiaranenekin hasita. Hogei minutuko solasaldika, Beñat Sarasola, Xabier Mendiguren, Josu Penades, Irati Jimenez, Juanra Madariaga eta Asier Serrano pasako dira bertatik gero, liburu plazaratu berriak besapean dituztela.

«Blogak & Letrak»

Bazkaria, herriko nekazariek prestatuko dute tokiko elikagaiekin, arratsa «Blogak & Letrak» jardun berritzailearekin jarraitzeko (17.30etatik aurrera), Patxi Gaztelumendi, Luistxo Fernandez, Juan Luis Zabala, Julen Gabiria eta Beñat Sarasola, Gorka Bereziartua eta Katixe Agirreren jardunekin. Etorkizun hurbilari so liburu elektronikoari buruzko kafe tertulia ere egingo dute, Josu Landa eta Egaroa liburu denda elektronikoaren bidez eta baita argitalpen lizentziei buruzko eztabaida irekia ere. Gauzak ez dira horretan geldituko, eta Bi Anaik «Komuneko paperean idatzitako poemen errezitaldia» emango dute gero.

Hori Bai gaztetxeak «Mirande kabareta» hartuko du (20.30ean) eta Angeluri kultur etxeak Eidabe taldearen «Ametsen museoan». Angiluri elkarte aurrean, berriz, Literaturiatxua gunea izango dute gaztetxoentzat. Umeek «Antzinakeriak» antzerkia egingo dute bertan eguerdian.

Irazokiren ostean, poetTUBE poema errezitaldiak eta Kaiku & Fufu Dj-en «Bi hitz: beats bits» emanaldiak itxiko du eguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo