Maite Ubiria Kazetaria
Estatu polizialaren datu hornitzaile preziatua da eskola
Hadopi legeak agerian utzi du Europaren aitzinean Sarkozyk jendartea kontrolpean izatea bilakatu duela bere helburu nagusi. Interneten mugak eta zigorrak ezartzeko egitasmoak erantzun parrasta ekarri du eta Eliseoko jabeak espero zuen baino buruko min handiago izanen du polizi lanetan aritzeko sarean.
Izan ere, Interneten ez ezik, beste hainbat eremutan ere fitxategia gobernatzeko tresna nagusi bilakatu du Sarkozyk. Ez naiz, honetan, hamaika izen diferentez batailatu duten polizi artxibategi erraldoiaz ari. Ez da aspalditik Iparraldeko jendearen jokabide politikoak biltzen dituen datu-bildumaz ere.
Haurren datuak bildu, sailkatu eta itzalpean gordetzen dituen fitxategiak kezka berezia sortzen du. Dagoeneko jakin bagenekien, eskola zuzendari batzuen kolaborazioarekin, Frantziako Hezkuntza Nazionalak gazteek burutu dituzten grebak eta manifak baliatu dituela «ikasle bihurrien» bilduma osatzeko.
Hala ere, «prebentzio» dotrina aldez aurretiaz plantan ezartzea deliberatu du orain Darcos buru duen erakundeak. Irakasle eta polizi lanak erabat nahastuz, lehen hezkuntzako haurrak fitxatuko ditu Ministerioak.
2002an azaldu zen egitasmoa, eta joan den ikasturtean datu-bilketa azkartu zuten. Horren ondorioz, Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko lehen hezkuntzako haur gehienak dagoeneko «kontrolatuak» dituzte.
Fitxategiak inoiz ez badira neutralak izan, Hezkuntzak agindu duen honi usain susmagarria hartzen diot. Heziketaren ikuspuntu batetik gure seme-alabak zelatatzea zeharo larria delakoan nago. Izan ere, onargaitza da umeak baliatzea jende multzo izugarriari espioitza egiteko.
Umeen jatorria, beren ama hizkuntza, gurasoen fitxa zabala, familia zein haurraren gertukoak... Protestak direla medio, fitxa-eredua malgutu izan behar dute. Hala eta guztiz ere, aparteko informazioa pilatuko du fitxategiak. Egun txuri agertzen diren eremuak bihar bete ahal izanen direla ahantzi gabe...
Ikuskaritzak lotsagabeki presioa areagotu du. Heldu den sartzean datuen %100a izatea dute helburu eta poliziak eskoletara bidaltzeko prest dira. Tipia bada ere, erresistentzia piztu da. Mehatxu artean zenbait euskal auzapezek muzin eginen diote zerrendak igortzeari. Bejondeiela!