BERRIA Pello Urzelai 2009/6/9
Gogoetarako emaitzak
(...) [Hauteskundeen] emaitzen lerro artean hainbat datu interesgarri daude, gerora begira gogoetarako bide ematen dutenak. Batetik, oro har, abertzaletasunaren espazioaren ahulezia berretsi da igandeko hauteskundeetan. PSOEk, PPk eta UPDk osatzen duten multzoa %7,5 jaitsi bada ere, autodeterminazioaren alde dagoen multzoak %11,2 egin du behera, 2004ko datuekin alderatuta. EAJk, Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioak eta EBk behera egin dute. Iniziatiba Internazionalistak, legez kanpoko HZren emaitzekin alderatuta, gora egin du nabarmen (%21,4), baina ez da nahiko izan gainerakoen beherakada konpentsatzeko. EAJk kezkatuta egoteko motiboak ditu. EAEn, PSEren gainetik gelditu arren, behera egin du, eta alderdi sozialistak kontrako joera erakutsi du. Lehen datuen arabera, zentzuzkoa da pentsatzea PSEri mesede egin diola Eusko Jaurlaritza eskuratzeak. (...) Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioak ez du batuketarik ekarri. (...) EAren barne krisiarekin batera, koalizioa egiteko moduak eta une politikoak zerikusia izan dute emaitzetan. Horrez gain, Madrazoren garaiaren osteko EBren gainbehera areagotu da.
Ezker abertzalearentzat garrantzitsuena posizio erlatiboan egindako jauzia izan da. Hego Euskal Herrian, HZk %10,3 bildu zuen. II-HEk, ordea, %15,1 -irregulartasunak kontuan izan gabe-. EAJk %22,9 bildu du, eta Aralarren eta EAren arteko koalizioak, %6. Posizio erlatibo on horrek erraztu ahal dio ezker abertzaleari apustu handinahikoagoei heltzea. Baina Espainiako egoera orokorra ez du alde izango, Zapateroren posizioa kaskartu egin baita, eta Raxoirena indartu.