GARA > Idatzia > > Mundua

ASTEA MUNDUAN

Europako bozketatan eskuina «garaile»

p028_f01.jpg

Dabid LAZKANOITURBURU

Kazetaria

Bestelakoa sinestarazi nahi diguten arren, estruktura politiko bat bera ere ez da inoiz neutroa.

Europako Batasunaren sorreraren, kudeaketaren eta bilakaeraren auzian, eskuinak -benetako eskuin ekonomikoak- agindu izan du beti. Ez dira batere harritzekoak, beraz, joan den igandean hauteskundeetan izandako emaitzak eta PPE taldearen «garaipena».

«Garaipena» kakotxen artean; izan ere, hauek ez dituzte bozak irabazi. Ahoa ezkerraren mezuez bete eta boterean eskuinaren politika egiten etengabe aritu eta ari direnek galdu dituzte, sasi-sozialdemokratek alegia.

Egungo Europako Batasunean estatuek -estatu boteretsuenek- agintzen dutela begi-bistan da. Eta hori horrela izanik, neutraltasun eza bikoiztu egiten da, Europako herriek eta bizilagunek dituzten asmoen kalterako.

Egoera hau kontutan hartu gabe ez dago ulertzerik hainbat herrialdetan aukera «ultraeskuindarrek» lortu dituzten emaitzak -kakotxen artean ere, hauetariko asko ez baitira ultraeskuina, ezagutu izan dugun zentzu historikoan behintzat- .

Zein da oihan arriskutsu honetan ezkerrari geratzen zaion bidea? Herriz herri alternatibak sortu eta borroka-esperientzia guztiak komunean jarriz behingoan proiektu sendo bat eratzea. Eta, nola ez, beti aurkariaren zelaian jolasten dugula jakin arren, ez etsi. Eta bozkatu. Arbitroa beraien aldekoa dela jakinda ere. Sozialdemokrazia historikoaren hitza eta esanahia gurea baita. Demokrazia eta sozialismoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo