Ekain, berrogei urte labar-artearen aztarnen sekretuei segika
1969ko ekainaren 8a. Bi gazte azpeitiar, linterna eta beste zenbait traste hartuta, Zestoako Sastarrain bailara arakatzera doaz. Bezperan, bertako baserriko etxekoandreak esana die han zerbait badela. Ez zuten berehalakoan usteko, ordea, Euskal Herrian den aztarnategi garrantzitsuenarekin topo egingo zutenik.
Ane ARRUTI
Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal, Antxieta elkartearen sortzaileak, Goitzibarko bailaran ibili ondoren Zestoa aldera abiatu ziren, Sastarraindik barrena. «Han ikusten genuen, pasaeran, toki polita zela eta erreka bertan izanik, antzinako haiek bertan bizi zitezkeela. Baina hurrengo batean bueltatzea pentsatu genuen, nekatuta geunden. Hurrengo egunean etxekoandreari galdetu genion ea zerbait bazen inguru haietan», azaldu zuen Rafael Rezabalek. Antxietako kideek asteartero Azpeitian egiten duten hitzorduan harrapatu genuen. Aurkikuntza honetan berak egindakoari garrantzia kendu nahi badio ere, azkenean onartu zuen gure gonbita eta Andoni Albizuriren eta Jose Migel Barandiaranen argazki bat atzean zuela kontatu zigun 1969ko ekainaren 8 hartan gertatutakoa. «Batera eta bestera ibili ginen, nahikoa kostatu zitzaigun, baina halako batean topatu genuen. Nola hala hasi ginen, Andoni ezkerraldera joan zen, ni bestera... Harriak mugitzen hasi nintzenean, haizea edo korronte freskoa sumatu nuen. Ez zen gaizki etorri, bero egiten zuen!», gogoratu zuen. «Orduan esan nion: `Hi, Andoni, hemen bazagok zerbait'. Zulo txikia zen eta galdetu nion: `Zer egingo diagu?', `Zer egingo duk, bada? segi ezak aurrera!', esan zidan. Halaxe hasi nintzen, arrastaka buruz behera». Hamar-hamabi metro inguru egin ondoren bobeda handi batean agertu zen Rafael. Andoniri deitu eta nor bere aldetik miatzen hasi ziren. «Ni alde batera, bestea bestera... eta halako batean, biratu nintzenean, panel handi bat topatu nuen neure muturraren aurrean. Kristoren orroa egin nion. Hark min hartu nuela pentsatu zuen. Etorri zen eta ikusi zuenean...». Rezabalek ezin izan zuen egun hartan sentitu zuena hitzez azaldu. «Sekulako besarkada eman eta esan genuen: `Hau ez zioagu inori kontatu behar'. Txikiteoan hasi ginenean, ordea, esango ez genion ba koadrilari!».
Jose Migel Barandiarani deitu zioten orduan. «Zuek ba al dakizue horrelako zenbat dei jasotzen ditudan?», erantzun zien. Ikusitakoarekin oraindik ere txundituta, ez zuten amore eman eta Jesus Altunari deitu zioten. «Ordurako Leizetxikiko lanak bukatu genituen Barandiaranek eta biok», azaldu zigun Jesus Altunak, Donostiako Intxaurrondo auzoan duen laborategi arkeologikoan. «Ondo ezagutzen genituen Andoni eta Rafael, katak egiten batera ibiltzen ginelako. Zerbait topatzen zuten bakoitzean guri galdetzen ziguten garrantzizkoa zen ala ez jakiteko». Dei hura berezia izan zen, ordea. «Egundoko aurkikuntza egin zutela eta joateko. Nik orduan Vespa bat neukan. Ataunera joan nintzen, hartu nuen atzean On Jose Migel eta joan ginen Zestoa aldera. Han zeuden Andoni eta Rafael». Barruranzko bidea hartu zuten orduan. Honela gogoratzen du Altunak: «Ikusten zen koba hartan aspaldiko gizaldietan ez zela inor sartu. Sarrera oso zaila zen, beraiek ireki zuten, arrastaka sartu behar izan genuen hogei bat metro. Gero ikusi genuen zorua ere aspaldi zapaldu gabe zegoela. Troska zoru bat zen, hau da, estalagmita. Eta horren azpiko aldea uzkurtu egin zen denboraren poderioz, eta gu pasatzen ginela, zartatu egiten zen gaineko troska hori. Milaka urte pasa zirela ikusten zen. Eta, beraz, zerbait berria zela argi zegoen. Gainera, isiltasun hartan -ur tantek bakarrik hausten zuten isiltasuna- eta ilunpe hartan, emozioa egundokoa zen. Zuzenean irudiak zeuden lekura joan ginen. Zoragarria izan zen». Aurkikuntzaren garrantziaz gain, Antxietakoekin egin izana berezia izan zela nabarmendu zuen Altunak. «Bai Andonik eta bai Rafaelek kemen eta gogo handia zuten, eta gauza horiek guztiak agertzea egundoko esperientzia izan zen. Batez ere, ikusten zelako irudi haiek guztiak han egon zirela milaka eta milaka urte, isiltasunean, ilunpean. Margoak ere ez ziren nolanahikoak. Askotan agertzen dira irudiak, baina haiek zoragarriak ziren».
Harrigarria bada ere, Rafael Rezabal ez da sekula berriro Ekaingo kobazuloan sartu. «Nik esan nuen gehiago ez nintzela sartuko. Emozio ederrak behin izaten dira. Hori han dago».
Altunak eta Barandiaranek garbi izan zuten hasiera-hasieratik, leize hartan aurkitutako altxorra mantenduko bazen, turistei ateak itxi behar zitzaizkiela. Garai haietan topatutako gainerako antzeko kobak (Altamira, Santimamiñe) jendearentzat prestatu ziren eta honek kontserbaziorako ondorio larriak ekarri zituen. «Altamiran, garai hartan, eguneko 3.000 pertsona sartzen ziren, eta galtzen ari zen. Guk ez genuen turismo horretara zabaldu nahi. Gainera jende asko interes handirik gabe joaten da, hondartzako plana irteten ez bada, kobazulora». Diputaziora deitu eta bi egunetara itxitura jarri zuten. Behin koba babestuta, aurkikuntzaren berri eman zien garaiko egunkariei.
Orduan hasi zen borroka. Koba babesteko izerdi latza bota behar izan zuten. Francoren garaia zen eta Madrilgo agintariek zuten botere guztia hemen. Hauek koba ireki nahi zuten, eta Gipuzkoako zein Zestoako agintariek ere bai. «Encierran la cultura bajo rejas» titulatu zuten egunkari batean. «Guk eskatu genuen, azterketak egiten genituen bitartean eta sarreran dagoen aztarnategia industen genuen arte ez irekitzeko. Hori behintzat onartu ziguten. Nahiz eta lehenbailehen egiteko esaten ziguten, batez ere, bertako alkateak, lagundu ere egin nahi zigun lehenago bukatzeko. Baina indusketak mantso egin beharrekoak dira». 1975. urtean bukatu zituzten indusketa lanak. Sei izan ziren guztira, lehenengo hirurak Barandiaranek zuzendu zituen eta hurrengoak Altunak. Ordurako ideiak aldatuz joan ziren: Estatu frantziarreko leize bat itxi egin zuten, Altamira ixtea eskatzen zuten ahotsak gero eta gehiago ziren, Franco hil zen... Bisitak baimendu zituzten baina neurri zorrotzekin, hau da, 18 urtetik gorakoentzat eta astean hamabi lagun bakarrik sartuz. Ondoren zortzira jaitsi zuten kopuru hori eta sekula ez udan edo asteburuetan.
Erdi-goi Madeleine aroko labarrak dira Ekain haitzulokoak, hau da, duela 14.000-12.000 urtekoak. Diego Garate, labar-artean doktore eta orain Toulouseko Unibertsitatean ikertzaile lanetan ari denak azaldu zigunez, «garai horretan, Pirinio eta Kantauri arteko lotura artistiko bat ikusten da. Zaldi eta bisonteak behin eta berriz agertzen dira. Garai horren aurretik, oreinak agertzen dira gehienbat Kantaurin». Animalia gehiagoren irudiak agertzen badira ere, zaldia da, zalantzarik gabe, Ekain kobazuloko protagonista. Sartu eta berehala, harkaitz bat dago, zaldi buru handi baten itxurakoa, naturala. «Garai hartako gizakiak hori ikusi zuen eta sudurzuloa tailatu zion, besterik ez. Buru hori kobak daukan leku zabalenean dago. Badirudi hori izan zela koba hori zaldiari eskaintzeko arrazoia», azaldu zuen Altunak. Garate teknikari buruz mintzatu zen: «Zenbaitetan zaldiak bi kolorez margotuak daude: ingerada beltzez eta barrukoa gorriz. Gainera, artistikoki ere, errealismo fotografikotik oso gertu daudela esango nuke». Txillidak berak, koba bisitatu zuenean honela adierazi omen zion Altunari: «Este hombre sabía un rato largo de pintura».
Beste ezaugarrietako bat, irudi horiek denbora gutxian eta jende gutxik egindakoak izatea da. Izan ere, beste askotan gertatzen den bezala, ez daude elkar zapaltzen. Honek momentu bateko pentsamendua irakurtzea ahalbidetzen du. Altunak estrukturaz hitz egin zuen: «Mosaiko baten modura daude irudiak. Zaldi guztiak hartzak dauden lekura begira daude. Kanpoaldean daudenak barrualdera eta sakonean daudenak kanpoaldera». Zaldiez gain, bisonteak, hartzak, oreinak eta arrainak ere ageri dira marrazkietan.
Ikertzaileen harridura piztu duena, bestalde, zaldi horien ipurmasailak dira. Garateren ustez, «nahiz eta burua edo begiak maisuki marraztuta egon, ipurdiak desproportzionatuta daude. Eta hori ez da naturan ikusten den ezaugarri bat. Ez da posible zaldiak horrelakoak izatea». Horren zergatia jakitea oraindik ezinezkoa bada ere, Altunak hipotesi bat bota zuen: «Izan liteke fertilitateari buruzko zerbait. Venus delako horietan ere handitu egiten dira berezitasun sexualak». Askotan aipatu izan den ehizaren teoria zaharkituta gelditzen da Ekainen, zaldiak margotzen dituzte, baina ikusten da oreinak jaten zituztela. «Hortik beste teoria bat sortzen da, zaldia totem edo jainko moduko bat zela beraientzat. Hala ere, totema ez da zauritzen eta hemen zaldi asko zaurituta agertzen dira».
Irudien edertasunaz gain, Ekainek baditu beste zenbait aberastasun. Sarreran dagoen aztarnategia esaterako. Altunak eta nazioarteko ikerlariek egindako indusketetan informazio ugari jaso da bertatik: «Esan nahi du barruko margolariak bertan bizi izan zirela. Eta hor ateratako tresna eta hezurretatik informazio asko jasotzen da haien bizimoduari buruz. Badakigu Izarraitz aldera joaten zirela basahuntzak harrapatzera eta kostaldera oreinak harrapatzera. Izokinak ere agertzen dira, Urola ibaian harrapatzen zituzten».
Aurrerapen handiak egin diren arren, oraindik ere orduko gizakia ezagutzetik oso urrun gaudela baieztatu zuen Jesus Altunak. «Nik beti esaten dut: duela milaka eta milaka urte hemen bizi izan zirenen burezurrak fosilizatu egiten dira, barruan zituzten ideiak, aldiz, ez. Oso urruti gaude hori dena ezagutzetik. Motz gelditzen gara». Hala ere, lanean jarraitzeko gogorik ez zaie falta. Uda honetan, abuztu bukaeran hasi eta irailean zehar, indusketekin hasiko dira berriro ere. «Berrogei urte pasa dira, indusketa teknikak asko aldatu dira, informazio gehiago jaso daiteke eta informatika aldetik ere baliabide asko daude hor egindako lanak gizarteratzeko. Joan den urtean azterketa prestatu genuen eta orain udan bertara joango gara berriro».